Gizartea -

Gertakari larria

Noain, gas leherketa gertatu eta hilabetera

50 familia daude euren etxeetara bueltatu ezinda, eta dozena batentzat luze jo dezake (bi urte-edo): euren etxebizitzak txikituta daude edo kalte larriak dituzte. Ikerketaren berri ere ez dute, hilabeteren buruan.

Horrela geratu ziren leherketak gehien kaltetutako etxebizitzetako batzuk. Artxiboko argazkia: EFE
Horrela geratu ziren leherketak gehien kaltetutako etxebizitzetako batzuk.
Gas leherketa gertatu eta hilabetera, Noain normaltasuna berreskuratzeko lanean ari da

0:41

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtarrilaren 13 hura zorigaiztoko bihurtu zen Noaingo (Nafarroa) Zabalegi Kontzejuaren kaleko 80 familientzat: gas leherketa batek hainbat etxebizitza suntsitu zituen, bederatzi pertsona zauritu —bi, larri— eta 250 pertsona etxetik irtenarazi. Hilabete igaro da ordutik, eta gaur-gaurkoz, 50 familiak etxetik kanpo jarraitzen dute, eta horietako batzuentzat luze, bi urte inguru, jo dezake bueltak.

Astelehena zen. 15:30ean, lehen eztanda bat gertatu zen, eta kale horretako hainbat etxebizitza hustu zituzten, badaezpada. Bigarrenak (18:30ean), oso bortitza, gaua kanpoan emateko gauzak biltzera sartutako bizilagunak harrapatu zituen, bete-betean. Leherketak eraikinetako bat suntsitu zuen ia, eta bederatzi laguni zauriak eragin. Aste horretan bertan, hustutako 120 etxebizitzetako 80 familia etxera bueltatu ahal izan ziren.

Noaingo Udaleko iturriek EFE albiste agentziari baieztatu diotenez, 50 etxebizitzak hutsik jarraitzen dute, baina horien egoera ezberdina da. Lostra etorbideko 21, 23, 25, 27, 29 eta 31 zenbakietako eta Zabalegi Kontzejuaren kaleko 26, 28 eta 30 zenbakietako etxebizitzek argi eta ur hornidura dute, eta laster jarriko omen diete gasa. Aurreikuspenen arabera, etxebizitzetako bizilagunak bi aste eta bi hilabeteren buruan itzuli ahalko dira, gas hornidura emateko dauden zailtasunen arabera.

Egoera zailagoan daude Zabalegi Kontzejuaren kaleko 20,22 eta 24 zenbakietako bizilagunak. Etxebizitzek kalte material handiak dituzte, eta hortaz, litekeena da bizilagun horien buelta asko luzatzea.

Etxebizitzotan hasi dira segurtasuna bermatzeko lanak egiten: habeak jartzen ari dira, hondakinak kentzen eta segurtasun hesiak paratzen. Era berean, gas sistema berrikusten ari dira, balizko ihesak atzeman eta tutuak aztertzen.

Paraleloki, hasiak dira birgaitze lanekin. Bi fasetan egingo dituzte: aurrena, fatxada, zurteria eta leihoak konponduko dituzte, eta ondoren, kalte handienak dituzten zatiak bota eta berriro eraiki.

10-12 etxebizitza, larriki kaltetuta

Leherketak gehien kaltetu zituen dozena bat etxebizitza horien egitura eta sotoa egoera onean daudela ebatzi dute udal arkitektoek, baina eraikina bera berreraiki beharko dute. Horiek dira, hain justu, etxera itzultzen gehien emango duten bizilagunak.

Familia horiek hoteletan eman zituzten lehen gauak, baina urtarrilaren 30etik, batzuek etxebizitzaren bat lortu dute senitarteko edo lagunen bitartez, eta beste batzuk alokairuan daude (aseguruak ordaintzen du), EFEri kaltetutakoek jakinarazi diotenez. 

Ikerketaren berririk ez

Nafarroako erakundeek, dela Amparo Lopez Barne kontseilariak dela Alicia Echeverria Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak esan dute "ikerketa zabalik" dagoela, beste xehetasunik eman gabe.

Bizilagunek dakiten azkena Lopezek leherketaren astean esan zuena da: gas enpresak Larrialdiei jakinarazi ziela "arriskurik ez" zegoela.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Noain