Gizartea -

LGTBIQA+

Legazpin neguko harrotasunaren jaia ospatuko da, lehendabizi Euskal Herrian

Ekimena datorren otsailaren 21, 22 eta 23rako antolatu dute. Duela bi urte antolatu zuten lehenengoz "Legazpi Winter Pride" jaia Jon Oliveira legazpiarrak eta horren Londresko lagunek, baina, aurtengoak dimentsio handiagoa hartu du.

Iaz ekimenean parte hartu zuten batzuk, Donostiara egindako bisitan. Irudia: Jon Oliveira
Iaz ekimenean parte hartu zuten batzuk, Donostiara egindako bisitan. Irudia: Jon Oliveira
Iaz ekimenean parte hartu zuten batzuk, Donostiara egindako bisitan. Irudia: Jon Oliveira

A. S. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datorren asteburuan, otsailaren 21, 22 eta 23an, Legazpi Winter Pride ospatuko da Legazpin, Gipuzkoan, Euskal Herrian neguan egiten den harrotasunaren lehen jaia. Sagardotegia, Donostiara egun-pasa eta herriko Kukue tabernan festa DJ eta guzti, horiek dira, besteak beste, izango diren ekimenetako batzuk. Lehen edizioa 2023an egin zen, baina oraingoan ekitaldia zabaltzea erabaki dute.

"Uste dut garrantzitsua dela urte osoan ekitaldiak egotea, eta ez udan bakarrik", esan du Jon Oliveirak, duela 15 urte Londresen bizi den legazpiarrak. Bera da, hango lagunekin batera, ekimenaren bultzatzailea. "Horretarako zer hoberik denboraldi bete-betean sagardotegi batera joatea baino", nabarmendu du.

2023ra atzera egin behar da egitasmo horren zergatia ulertzeko; izan ere, Oliveirak Londresko lagunak gonbidatu zituen bere jaioterrira, asteburu-pasa. Euskal geografiako hainbat herri eta hiritara bisita egin ondotik, eta sagardotegi batean jatekoa eta edatekoa hartu eta gero, herrira itzuli ziren jaiarekin jarraitzera, eta ez ziren oharkabean pasa: "Drag jantziak genituen soinean, batzuek larruzko arropak, baten batek uhalak zeramatzan... Egia da legazpiarrei atentzioa ematen geniela. Despedidaren bat ote zen galdetzen ziguten, edo, soilik gay talde bat ote ginen (...) Herriko taberna batera sartu ginen eta berehala zerbitzariek gay musika jarri zuten. Han zeuden guztiak batu egin ziren festara", dio.

Herrian harrera ona izan zuenez, hurrengo urtean esperientzia errepikatu zuten, eta aurten hirugarrena dute, eta legazpiarraren esanetan "inoiz baino gogotsuago gaude". "Orain arte lagunen eta gertukoen arteko festa zen, baina sare sozialetan iragarri dugu, eta jende askok eman du izena", nabarmendu du. Donostia, Gasteiz, Beasain, Bartzelona, Madril, baina kanpotik ere etorriko dira: Ingalaterra, Irlanda, Finlandia..

Testuinguru horretan Oliveirak mundu osoa gonbidatu du ekimenean parte hartzera, eta adierazi du bat egin nahi duen orok, eta informazio gehiago nahi duenak @legazpi_winter_pride Instagram kontuan topatuko duela.

EITB MEDIA

EITB MEDIA

Hiru eguneko jaia

Legazpi Winter Pride hilaren 21ean (ostirala) hasiko da, Donostiara egingo duten bisitarekin, eta, jakina, pintxo dastaketarekin egingo diote ongietorria aurtengo jaiari. Larunbatean, hilak 22, Legazpiko Chillida Lantoki museora joango dira eta, ondoren, Legorretara, Begiristain sagardotegian bazkari eder batez gozatzera. Arratsaldeko poteoaren ondoren, Kukue tabernan DJ festa izango da, Alejandro Asencio DJarekin, eta otsailaren 23an emango diote amaiera, igandean, agur bazkari batekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa azken ordukoa Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Legazpi azken ordukoa LGTBI+ albisteak