Gizartea -

ETXEBIZITZA

Alokairuaren erreferentziazko prezioen indizea zehazteko erakundeen arteko elkarlana eskatu du Legebiltzarrak

Eremu tentsionatu izendatutako udalerrietan alokairuaren prezioak mugatu ahal izateko ezinbestekoa da erreferentziazko prezioen indizea zehaztuta egotea.

Bengoetxea, Pradales eta Andueza, gaur, Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Bengoetxea, Pradales eta Andueza, gaur, Eusko Legebiltzarrean
Bengoetxea, Pradales eta Andueza, gaur, Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak erakundeek elkarrekin jardun dezaten eskatu du alokairuaren erreferentziazko prezioen indizea zehaztu eta, horri esker, eremu tentsionatu izendatutako udalerrietan prezioak mugatu ahal izateko.

Erreferentziazko prezioen indizea Espainiako Gobernuak ezarri behar du, baina horretarako hiru ogasunek datu fiskalak eta katastralak Euskal Estatistika Erakundearen (Eustat) esku jarri behar dituzte, behin hori eginda, Eusko Jaurlaritzak informazio hori guztia Etxebizitza Ministeriora bidaltzeko.

Gauzak horrela, erreferentziazko indize hori gabe ezin dituzte prezioak mugatu. Gaur-gaurkoz, Errenteria da Euskal Autonomia Erkidegoan eremu tentsionatu izendatutako udalerri bakarra.

EH Bilduk gaurko osoko bilkurara eraman du eztabaida, eta agerian gelditu dira taldeen arteko aldeak, baita Eusko Jaurlaritzan koalizioan gobernatzen duten EAJren eta PSE-EEren artean ere.

Eztabaidan zehar, Xabier Astigarraga EH Bilduren legebiltzarkideak indizea zehazteko prozesua blokeatzea leporatu dio EAJri.

Adrian Fernandez ordezkari sozialistak, bere aldetik, jeltzaleei eskatu die foru aldundiek lehenbailehen eman diezaiotela Espainiako Gobernuari alokairuen prezioari muga jarri ahal izateko indizea egiteko behar dituen datuak.

Azkenik, Jonatan Moreno jeltzaleak nabarmendu du Espainiako Etxebizitza Legeak ez duela aintzat hartu euskal erakundeen egitura berezia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra albisteak Gizartea EH Bildu PSE-EE berriak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Etxebizitzen merkatua