Gizartea -
ESTATISTIKA INSTITUTUA
Euskadi pobrezia-arrisku txikiena duen erkidegoa da, baina biztanleen % 22k ezin diete ezustekoei aurre egin
Euskadin, pobrezia edo gizarte-bazterketa jasateko arrisku-tasa % 14,8koa da, eta % 5,1ekoa hilaren amaierara iristeko zailtasun handiak dituzten pertsonen ehunekoa.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Euskadi pobrezia edo gizarte-bazterketa jasateko arrisku-tasa txikiena duen autonomia erkidegoa da (% 14,8), Espainiako Estatistikako Institutuaren Bizi-baldintzei buruzko Inkestaren arabera. Horren arabera, herritarren % 5,1ek zailtasun handiak dituzte hilaren amaierara iristeko, eta % 22,5ek ezin diete ustekabeko gastuei aurre egin.
2024ari dagokion eta 2023ko diru-sarreren arabera egindako estatistika horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko pobrezia edo gizarte-bazterkeria pairatzeko arrisku-tasa % 14,8koa da, Estatuko batezbestekoa (% 25,8) baino hamaika puntu txikiagoa, eta autonomia erkidego guztien artean txikiena da.
Adierazle horren aldagaien artean, Espainiako Estatistikako Institutuak honako hauek aipatzen ditu: Pobrezia Arriskua % 9,4an (Estatuko batezbestekoa % 19,7koa da), gabezia material eta sozial larria % 4,6an (Estatuko batez bestekoa % 8,3koa da) eta enpleguaren intentsitate baxua % 6,9an (Estatuko batezbestekoa % 8koa da).
Estatistikako Institutuaren ikerketaren arabera, % 7k atzerapenak dituzte etxebizitza nagusiarekin lotutako ordainketetan edo epekako erosketetan, eta hori Estatuko batezbestekoaren erdia da.
Azkenik, % 17,7k ezin dute urtean astebetez oporretan joan, aurreko kasuetan bezala, erkidego guztietako tasarik baxuena da. Estatuko batezbestekoa % 33,4koa da.