Gizartea -

Soziometroa

Lan merkatuarekin eta etxebizitzarekin lotutako kezkak areagotu egin dira EAEko herritarren artean

Azken soziometroaren arabera, 10etik 7 punturekin baloratu dute beren egoera pertsonala galdekatuek, eta 6 punturekin Euskadirena. Ardura nagusien artean, arazo ekonomikoak, delinkuentzia eta migrazioa ere aipatu dituzte.

Hainbat pertsona Bilboko zebrabide batean
Hainbat pertsona Bilboko zebrabide batean
Hainbat pertsona Bilboko zebrabide batean

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek 10etik 7 punturekin baloratu dute beren egoera pertsonala, duela urtebete bezala. 1995etik jasotako datu onena da aipatutakoa.

Eusko Jaurlaritzaren azken soziometroak eman duen emaitzetako bat da hori, baina beste esparru batzuetara ere zabaldu dute urtarrilaren 28tik 31ra 3.030 pertsonari egindako inkesta.

Euskadiren egoerari, bestalde, 6 puntu eman dizkiote, eta Espainiakoari, berriz, 4,7 puntu.

EAEko herritarren kezka nagusiak ere izan dituzte aztergai. Batez ere lan merkatuak arduratzen du gizartea; hain zuzen ere, galdekatuen % 49k aipatu dute hiru arazo nagusienen artean. Etxebizitza ere ageri da kezka larrienen gorenean (% 47k aipatu dute), eta 15 puntu igo da iazko datuekin alderatuz gero (2008tik jasotako datu okerrena). Hirugarrenik, osasun arazoak dira kezka-iturri herritarren % 35rentzat.

Ardura nagusien artean, arazo ekonomikoak (% 18), delinkuentzia (% 16), migrazioa (% 11), egoera politikoa eta gatazka politikoa ere jaso dituzte zerrendan.

Inkestan parte hartu dutenen % 51 pozik daude demokraziaren funtzionamenduarekin, baina % 47 ez daude gustura.

Konfiantza gehien ematen duen erakundea unibertsitatea da (% 86), Eusko Jaurlaritza du atzetik (% 77), eta Aldundiak (% 73), Legebiltzarra (% 71) eta Udalak (% 69) ondoren. Inkestatuen % 33ri komunikabideek ez diete konfiantzarik ematen, % 32ri Espainiako Gobernuak, % 28ri bankuek, % 27ri Elizak, % 23ri Diputatuen Kongresuak eta % 19ri alderdi politikoek.

Politika

Herritarren % 60k ez dute interesik edo oso interes gutxi dute politika gaiekin, nahiz eta 2010etik gora egiten ari den galdekatuen jakingura. Duela hamabost urte, herritarren % 20k soilik zuten interesa; gaur egun, berriz, % 39k dute.

Alderdiei buruz galdetuta, EAJk eragiten du sinpatia handiena (4,8 puntu), eta PSE-EE (4,2 puntu), EH Bildu (4 puntu), Sumar (3,3 puntu), PP (1,9 puntu) eta Vox (0,9 puntu) daude zerrendan ondoren.

Puntuazio onena lortu duen politikariez galdetuta, Imanol Pradales (5,4 puntu), Pello Otxandiano (5,2 puntu), Eneko Andueza (4,5 puntu), Jon Hernandez (4,1 puntu), Amaia Martinez (3,1 puntu) eta Javier de Andres (2,8 puntu) baloratu dituzte inkestatuek.

Bukatzeko, herritarren % 44 "euskal herritarrak" sentitzen dira, % 40 "euskal herritarrak eta espainiarrak" eta % 9 "espainiarrak". Independentziaren aldekoak, bestalde, % 21 dira, % 33 alde edo kontra egongo lirateke egoeraren arabera, eta % 41 kontra daude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak