Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Aske geratu dira sexu-eraso bat egotzita Durangon atxilotutako bi gizonezkoak
Erasoa larunbat goizaldean gertatu da, Askatasun Etorbidean, eta atxilotuak epailearen aurrera eraman dituzte. Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du erasoa gaitzetsi eta "biktimari elkartasun eta babes osoa" adierazteko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Aske geratu dira atzo, larunbata, emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita atxilotu zituzten bi gizonak.
Gaua polizia-etxean igaro ondoren, igande goizean eraman dituzte epailearen aurrera, eta epaileak aske uztea erabaki du.
Larunbat goizaldean atxilotu zituzten, emakume batek Askatasun Etorbidean sexu-eraso baten biktima izan zela jakinarazi ondoren.
Ertzaintzaren patruilek salatzaileak adierazitako ezaugarriak zituzten bi gizon aurkitu zituzten handik gertu, eta atxilotu egin zituzten.
Durangoko Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du erasoa gaitzetsi eta "biktimari elkartasun eta babes osoa" adierazteko. "Indarkeria ekintza hori erabat onartezina da pertsona guztien berdintasuna eta segurtasuna defendatzen duen gizarte batean", gaineratu du Udalak.