Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Poliziak "Torbe" porno produktore portugaletetarra atxilotu zuen Barajasen, sexu-erasoa egotzita
Porno zinema ekoizlea Habanatik (Kuba) zetorren ostegunean. Madrilen lur hartu eta bertan atxilotu zuten, sexu-erasoa, pertsona trafikoa eta legez kanpoko atxiloketa egotzita.
AGENTZIAK| EITB MEDIA
Espainiako Poliziak Ignacio Allende Fernandez Torbe helduentzako eduki zinematografikoen ekoizlea atxilotu zuen joan den astean Adolfo Suarez Madrid-Barajas aireportuan, emakume gazte batek sexu-erasoagatik salaketa jarri baitzuen.
Poliziak baieztatu duenez, ekoizlea Habanatik (Kuba) zetorren, 13:30 aldera lur hartu zuen eta bertan atxilotu egin zuten, sexu-erasoa, pertsona trafikoa eta legez kanpoko atxiloketa egotzita.
Hurrengo egunean, kontsultatutako iturrien arabera, haren bizilekua miatu zuten, eta larunbatean epailearen esku utzi zuten.
El Paisek aurreratu duenez, biktimak ikertzaileei adierazi zienez, porno ekoizleak engainatuta etorri zen bere herrialdetik, eta Espainiara heldu zenean, etxebizitza batean atxilo hartu zuen Allendek, eta abusuak egiten omen zizkion.
2016an ere atxilotu zuten helduentzako zinema-ekoizlea, bederatzi pertsonarekin batera, 16 urteko adingabe bati sexu-abusuak egitea egotzita.
2023ko irailean epaitu zuten, haur pornografia banatzeagatik eta edukitzeagatik. Torbek aitortu egin zuen gertatutakoa, eta Fiskaltzarekin eta akusazioekin akordio bat lortu ondoren, ez zuen kartzelan sartu behar izan, akusazioak ia zortzi urteko kartzela-zigorra eskatu arren bi urtekoa baino ez ziotelako ezarri.
Bere garaian iturri juridikoek zabaldu zutenez, 2008an adingabeak galbideratzeagatik ezarritako iraungitako kondena bat ere badu.