Gizartea -
EZKONTZAK
2024ko azken aldian hamar ezkontzatik bederatzi zibilak izan ziren EAEn, eta ezkontideak 30 urtetik gorakoak
2024ko hirugarren hiruhilekoan 2.263 ezkontza egin ziren EAEn, aurreko urteko hiruhileko berean baino % 4 gutxiago.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
2024ko hirugarren hiruhilekoan, 2.263 ezkontza egin ziren Euskadin, hau da, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta % 4 gutxiago. Lotura horietako gehienak zibilak izan ziren, eta ezkontideak 30 urtetik gorakoak izan ziren.
Ezkontza guztietatik, 2.190 sexu desberdineko pertsonen artekoak izan ziren, eta 73 sexu bereko pertsonen artekoak (41, emakumeen artean, eta 32, gizonen artean).
Lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaian % 3,6 murriztu zen ezkontza kopurua, eta guztira 989 ezkontza izan ziren. Gipuzkoan 753 ezkontza izan ziren, aurreko urtean baino % 2,5 gutxiago. Aldiz, aurreko urtean baino ezkontza gehiago izan ziren Araban: guztira 341 lotura ( % 7,6ko igoera).
Hilabeteei erreparatuta, irailan izan ziren ezkontza gehien, hiruhilekoko loturen % 45 egin baitziren hilabete horretan.
2024ko udako hilabeteetan, ezkontzen % 89,2 zibilak izan ziren. Horietatik % 86 sexu desberdineko pertsonen arteko ezkontzak izan ziren; % 3,2, berriz, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak izan ziren. Ezkontza zibilen ehuneko hori 3,3 puntu igo zen 2023ko hiruhileko berarekin alderatuta.
Ezkontideei dagokienez, 1.730 gizon (% 84) lehen aldiz ezkondu ziren. 24 alargun eta 305 dibortziatu ezkondu ziren. Emakumeen kasuan, lehen aldiz ezkondu zirenen ehunekoa handiagoa izan zen: 1.776 emakume ezkongabe (% 85), 8 alargun eta 297 dibortziatu.
Adinari dagokionez, senarren % 91,9k eta emazteen % 84,1ek 30 urte edo gehiago zituzten ezkontzeko unean.
Azkenik, gizon ezkonberrien % 15ek eta emakume ezkonberrien % 20,5ek atzerriko nazionalitatea zuten 2024ko hirugarren hiruhilekoan.