Gizartea -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Oiz mendiko hegazkin istripua, Emeki eskola eta Frantzisko aita santuaren osasun egoera
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2025eko otsailaren 19an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Oiz mendiko hegazkin istripua: 40 urte bete dira Oiz mendiko hegazkin istriputik. Euskadin inoiz izandako aire istripurik larriena da: 148 pertsona hil ziren. Iberia konpainiaren Boeing 727 bat, Madrildik Bilboko aireportura zihoan. Hegazkinaren ezker hegalak talka egin zuen ETBren antena baten aurka, Oiz mendian, 1.000 metroko altueran. Ikerketaren arabera, tripulazioaren akats batek eragin zuen istripua, altimetroa gaizki interpretatu zutelako eta behar baino baxuago hegan egiten ari zirelako. Gainera, goiz hura lainotsua izan zen, eta Oiz mendiko antena ez zen agertzen karta aeronautikoan.
- Emeki eskola librea: 4 urteko neska bati sexu erasoa egitea egotzita atxilotutako Donostiako Emeki Emeki eskola libreko bi irakasleak aske utzi dituzte, kautelazko neurriekin. Atxilotutako bi irakasleen gertuko iturriek jakitera eman dutenez, biak aske geratu dira, baina urruntze agindua bete beharko dute. Emeki Emeki proiektuaren parte diren familiek ohar bat sinatu dute, zentroko irakasleei eta arduradunei babesa adierazteko, "orain arte frogatu ez diren salaketen jomuga izan baitira".
- Francisco aita santuaren osasun egoera: Frantzisko aita santuak Erromako Gemelli ospitalean jarraitzen du: aldebiko pneumonia du eta bere egoera klinikoa "konplexua" da oraindik. "Hala eta guztiz ere, Frantzisko aita santuak umore onarekin jarraitzen du", ziurtatu du Vatikanoak. Aita santuak gutxienez igandera arte bere agenda bertan behera utzi du, bere ospitaleratzea dela eta.