Gizartea -
Indarkeria matxista
Ireki zituztenetik, sexu indarkeriaren biktimei arreta emateko zentroek 700 emakumetik gora artatu dituzte
Urteko egun guztietan 24 orduz zabalik dauden baliabide horiek eraso matxistak pairatu dituzten biktimak babestu, lagundu eta aholkatzea dute helburu, aurrez salaketa aurkeztu beharrik gabe. EAEko urralde guztietan bana dago.
E. G. | EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) sexu indarkeriaren biktimei laguntza integrala emateko hiru zentro daude, bana lurraldeko, eta ireki zituztenetik (2023ko amaieratik 2024ko erdialdera) 712 biktima artatu dituzte.
Miren Elgarresta Emakunderen zuzendariak eman ditu datuok, Eusko Legebiltzarreko Berdintasun eta Garapen Lankidetzako batzordean egindako agerraldi batean. EH Bilduk eskatuta, krisi zentro horien egoeraz mintzatu da Elgarresta.
Bizkaiko zentroa izan zen ateak zabaltzen lehena, 2023ko abenduan, eta, hortaz, bertan artatu dira biktima gehien: 491 emakume. Arabako Tximeleta zentroa —2024ko apiriletik zabalik— ageri da bigarren, 152 kasu eta 165 espedienterekin. Azkenik, Gipuzkoako Hariberria zentroan 61 emakumeri eman diete laguntza (79 espediente), iazko uztailean ireki zutenetik. Gainera, beste baliabide batzuetatik bideratuta, bederatzi biktima gehiagori eman diete arreta.
Elgarrestak zehaztu duenez, aurki beste bi zentro zabalduko dituzte Gipuzkoan: bat, Arrasaten, eta bestea, Goierrin.
2022ko "Bakarrik bai da bai" legeak ezarri zuen halako zentroak autonomia erkidego guztietan zabaltzeko betebeharra, eta EAEren kasuan, "errealitate sozial eta instituzionalera" moldatu ziren. Urteko egun guztietan 24 orduz zabalik dauden zentroak dira. Euren egitekoa da sexu erasoen ondorioz sortzen diren larrialdi egoerei aurre egitea, zein biktimei arreta integrala —laguntza psikologiko, soziala eta juridikoa— ematea.
Baliabideok badute berezitasun bat: ez da nahitaezkoa aurrez salaketa aurkeztea; nahikoa da sexu eraso baten biktima edo horren ingurukoa izatea (adinez nagusia zein emantzipatutako adingabea). Adinez txikikoei dagokionez, 16-18 urteko nerabeak ere artatzen dituzte zentrootan, betiere haurtzaroan indarkeria sexuala pairatzen duten adingabeentzat dauden zentro espezifikoetan (Barnahus zentroa, adibidez) artatzen ez badituzte.
Biktimen erdiek 30 urte baino gutxiago zituzten
Elgarrestak emandako datuen arabera, 21-30 urteko gazteak izan dira hiru zentroen erabiltzaile nagusiak; zerrendan bigarren, 41-50 urtekoak, eta 19-20 urtekoak, Araban. Artatutako emakumeen % 50 inguruk 30 urte baino gutxiago zituzten, eta heren batek, 41-65 urte edo gehiago.
Emakunderen zuzendariak azaldu duenez, indarkeria matxistaren biktimak artatzeko baliabide gehiago jarri ahala, "kasu gehiago azalarazten dira".
Horren ildotik, espero du 24 orduko zentro horiei esker "sexu indarkeriaren kasu gehiago ateratzea, izozmendiaren punta bakarrik ezagutzen baitugu gaur-gaurkoz, eta pairatutako erasoak salatzen dituzten emakumeak gehiago izatea".
Gazteen artean indarkeria matxista normalizatzeko joeraz galdetuta, Elgarrestak ohartarazi du gazteriak ez duela "gizarteak berak, bere osotasunean, ez duen aparteko arazorik". Horren hitzetan, "egiturazko arazoa da, eta ez da berria".
Bestalde, Oihana Etxebarrieta EH Bilduren legebiltzarkideak salatu du zentrook zabalik egon arren ez dutela protokolorik, eta ez dagoela argi "horren ardura" Berdintasun Sailari edota Gizarte Zerbitzuen arloari dagokion.