Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Espetxera bidali dute Iruñean bikotekide ohiari eta alabari eraso egiteagatik zigortutako gizona
Fiskaltzaren, akusazio partikularraren eta defentsaren adostasunez emandako epaiak 16 hilabeteko kartzela-zigorra etetea ukatu du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Iruñeko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren 1. Epaitegiko epaileak espetxera bidali du joan den otsailaren 10ean bikotekide ohiari tratu txarrak emateagatik eta urte eta erdiko alabari bizkarrean kolpe emateagati 16 hilabeteko zigorra ezarri zioten gizona.
Fiskaltzaren, akusazio partikularraren eta defentsaren adostasunez emandako epaiak zigorra etetea ukatu du, eta ezarri du kondenatua ostiralean, 13:00ak baino lehen, sartu behar dela kartzelan.
Gertakariak Iruñeko Antso Azkarraren etorbidean jazo ziren, bertan alabaren zaintza dela eta akusatuak bikotekide ohiarekin eztabaida izan zuen. Eztabaidan ari zela, lepotik eta besotik gogor heldu zion, eta adingabeari bizkarrean kolpe 0eman zion.
Astelehenean egindako epaiketa azkarrean, fiskaltzak urtebeteko espetxe-zigorra eskatu zuen genero-indarkeriaren esparruan tratu txarrak emateagatik, eta beste bat etxeko indarkeriagatik. Akusazio partikularrak bat egin zuen eskaera horrekin.
Akusatuak karguak onartu zituen, eta, horri esker, zigorraren herena murriztu diote. Azkenean, 16 hilabeteko espetxealdia ezarri zioten, 8 hilabete delitu bakoitzeko.
Kartzela zigorraz gain, 200 metroko urruntze agindua ezarri zioten, eta baita bikotekide ohiarekin 2 urtez komunikatzeko debekua, eta alabarekin 18 hilabetez komunikatzeko debekua ere.