Gizartea -
Bizkaiko garraioa
Bizkaibuseko lineen artean egindako ibilgailu-aldaketak doakoak izango dira apirilaren 1etik aurrera
Orain arte, helmugara heltzeko lineaz aldatu behar zuten erabiltzaileek linea bakoitzaren bidaia ordaindu beharra zeukaten. Neurria Barik txartelei, joaneko bidaiei eta aldaketak 30 minuturen buruan egiten dituztenei aplikatuko zaie. Batez beste % 25 aurreztuko dutelakoan dago Aldundia.
Agentziak | EITB Media
Apirilaren 1etik aurrera, Bizkaibusek ez die aparteko kosturik ezarriko helmugara iristeko autobus lineaz aldatu behar duten erabiltzaileei, orain arte ez bezala. Neurriarekin batez beste % 25 aurreztuko dutela kalkulatu du Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio Departamentuak.
Linea aldaketak doakota eginda, tarifen sisteman zeuden "ezberdintasunak zuzendu" eta lineaz aldatu behar zuten erabiltzaileei ordainarazten zieten "gainkostua kendu". Horri horrela, "distantzia bera egin behar duten erabiltzaileek berdin ordainduko dute aurrerantzean, eta lineaz aldatzeak ez du gainkosturik ekarriko". Foru Aldundiaren arabera, neurriak hiri eta herri handietatik "urrunen bizi diren eta gutxi populatutako guneetan bizi diren erabiltzaileei egingo die mesede, gehienetan ez dutelako nahi duten lekura joateko linea zuzenik".
Doakotasuna aplikatzeko hainbat baldintza bete beharko dira: erabiltzaileak Barik txartela erabili beharko du (ez die Bidai bonuen jabeei eragingo); gainera, linea aldaketa gehienez 30 minuturen buruan egin behar da (lehen autobusean egindako ordainketaren eta bigarrenean egindakoaren arteko tarteaz ari da). Azkenik, joaneko bidaietan bakarrik aplikatuko da.
Bizkaibuseko lineak erabili ostean Bilboko Metroa, Euskotren edo Tranbia erabiliz gero, Bizkaiko Garraio Partzuergoak ezartzen dituen deskontuak aplikatzen (% 20 inguru) jarraituko dute.
Aldundiaren esanetan, linea aldaketen doakotasuna "lehen pausoa" baino ez da Bizkaiko garraio publikoan ezarriko duten tarifa bakarren politikan. Aurreratu dutenez, "hurrengo mugarria" guneen sinplifikazioa izango da: bostetik hirura murriztuko da lehen seihileko honetan.