Gizartea -
Donostia
Zupiriak premiazko agerraldia egingo du Legebiltzarrean Ertzaintzaren jardunari buruz informatzeko
Oraindik ez dute zehaztu noiz egingo duen Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean agerraldia. Bien bitartean, zauritutako emakumeak hobera egin du. Medikuen azken partearen arabera, iktusa izan zuen, ez burezurreko traumatismoa.
EITB Media
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean premiazko agerraldia egitea eskatu du, otsailaren 2an Donostian Ertzaintzak egindako jardunari buruz informatzeko. 32 urteko emakume kolonbiar bat atxilotu zuen, baina Zainketa Berezien Unitatean ospitaleratu behar izan zuten gero.
Oraindik ez dute zehaztu noiz egingo duen Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean agerraldia. Bien bitartean, zauritutako emakumeak hobera egin du. Medikuen azken partearen arabera, iktusa izan zuen, ez burezurreko traumatismoa.
Gaur goizean, Zupiriak azaldu du oraingoz ez dutela neurririk hartu atxiloketa horretan parte hartu zuten ertzainen aurka, "ondo edo txarto" aritu ziren egiaztatu arte.
Sailburuak "lehenbailehen osatzea" opatu dio emakumeari, eta nabarmendu du hurrengo egunean Ertzaintzaren Gipuzkoako buruek "barne-prozedura guztiak" abiatu zituztela gertatutakoa argitzeko.
Horren ildotik, gaur egun hiru ikerketa daude abian: barne-ikerketa, Ertzaintzaren Kontrol eta Gardentasun Batzordearena eta Donostiako Udaltzaingoarena.
Gaur EITBk Karen Daniela Agredorekin hitz egin du. Horren esanetan, egun hartako 06:00etan dantzaleku batetik atera zen bikotekidearekin batera, eta gizona beste batekin "eztabaidatzen" hasi zen. Ondoren, Ertzaintza iritsi zen, eta eskuburdinak jarri zizkion mutil-lagunari. "Oihuka hasi nintzen, esanez bikotekideak ez zuela ezer txarrik egin, eta bi polizia nire gainera etorri, eta kolpeka hasi zitzaizkidan", gaineratu du.
Emakumearen hitzetan, konortea galdu zuen, eta berreskuratu zuenean polizia-etxean atxilotuta zegoen, gorputzaren ezkerraldea mugitu ezinik. "Medikuak esan dit buruko isuria izan dudala ezkerraldean; ez dut mugikortasunik bertan, eta bi ebakuntza egin behar dizkidate", azaldu du.
Horren arabera, gau hartan urduri zegoen, "baina ez nuen agenterik jo". "Justizia nahi dut", azpimarratu du.