Gizartea -

RUBIALES AUZIA

Hermosok helegitea jarriko dio Rubiales sexu-erasoagatik zigortu eta mehatxu-delitutik absolbitu duen epaiari

Espainiako Futbol Federazioko presidente ohiari 10.800 euroko isuna ezarri dio Auzitegi Nazionalak, baimenik gabe Jenni Hermoso jokalariari musua emateagatik. Ostegun honetan epaia ezagutu berritan, epaiaren aurkako errekurtsoa aurkeztuko zuela iragarri zuen.

Luis Rubiales Auzitegi Nazionalean otsailean egindako epaiketan. Artxiboko argazkia: EFE
Luis Rubiales Auzitegi Nazionalean otsailean egindako epaiketan
Luis Rubiales Auzitegi Nazionalean otsailean egindako epaiketan. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo, Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidente ohiak egin bezala, Rubiales auziko epaiaren kontrako helegitea aurkeztuko duela iragarri du Jenni Hermoso futbol jokalariak.

Rubiales 18 hilabeteko isuna (10.800 euro) ordaintzera zigortu du Jose Manuel Fernandez-Prieto magistratuak, Hermosori ezustean eta baimenik gabe musua emateagatik. Hala ere, absolbitu egin du mehatxu-delitutik.

Iturri juridikoek Europa Press agentziari baieztatu diotenez, futbol jokalariak bere oniritzia eman dio Angel Chavarria abokatuari helegitea jartzeko.

Ostegun honetan ezagutarazitako epaiaren arabera, Rubiales ezingo da jokalariarengandik 200 metro baino gutxiagora hurbildu eta urtebeteko epean ezingo da berarekin komunikatu.

Gainera, Rubialesek 3.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio Hermosori, baimenik gabe emandako musuak eragindako kalte moralarengatik.

Hala ere, Luis Rubiales ez ezik, beste hiru akusatuak (Albert Luque, Jorge Vilda eta Ruben Rivera) ere absolbitu ditu mehatxu-delitutik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola Indarkeria matxista Espainia albisteak Gizartea albisteak Indarkeria matxista Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Matxismoa gaur Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna Sexu erasoak