Gizartea -
TRADIZIOA ETA MODERNITATEA
Inauteriek Donostia "kolorez, musikaz, tradizioz eta modernitatez" beteko dute hamazazpi egunez
Judas Arrietak kartel "koloretsu eta dibertigarria" diseinatu du jaien berri emateko, eta hogeita hamar konpartsak parte hartuko dute bertan.
Agentziak | EITB MEDIA
Donostiako inauteriak "jardueraz beteta" itzuliko dira. Auzo guztietan izango da ondo pasatzeko aukerarik, "gustu guztietarako" jarduera ugari prestatu baitituzte, kalean "kolorea, musika eta giroa" izan daitezen nagusi. Datorren ostegunean, Ostegun Gizena, hasiko dira inauteriak, eta martxoaren 15era arte ospatuko dituzte Donostian. Aurten, "tradizioa eta modernitatea" uztartuko dira, Judas Arrieta artista hondarribiarrak egin duen kartel "koloretsu eta dibertigarria" tarteko, eta 30 konpartsa inguru ibiliko dira kalerik kale hiria girotzen.
Jon Insausti Kultura zinegotziak eman ditu Donostiako 2025eko Inauterien xehetasunak, eta aurtengo Momo Jainkoa aurkeztu du; Hodei Buenaventurak gorpuztuko du eta Eirik Navarrok, Nahia Leonetek eta Jon Asensiok osatutako haren segizioa. Ostegunean iritsiko dira Konstituzio plazara, 18:30ean, eta desfilea egingo dute gero Erdialdeko eta Alde Zaharreko kaleetan barrena, Maria Cristina hoteleraino.
Bertan, hiriaren giltzak jasoko dituzte, eta udaletxera joango dira jarraian. "Inauteri Arlekin Festa!" izango da udalbatzar aretoan, eta Momo jainkoari eta segizioari hainbat dantza eskainiko dizkiote konpartsek. Insaustik zehaztu duenez, inauterien hasieran konpartsa tradizionalak izango dira protagonista. Horrela, Zubietako Joaldunek Alde Zaharreko kaleak alaituko dituzte eta Momo Jainkoa eta bere segizioa hartuko dituzte. Orixe Ikastolak ostegun arratsaldean bertan desfilatuko du Alde Zaharreko kaleetatik, Eskola eta Goizaldi dantza taldeek bezala.
Ostiral Mehean, Union Artesanako Lanpernak eta Haurtxo Zaratatsuak konpartsen txanda izango da, eta Erdialdeko eta Alde Zaharreko kaleak alaituko dituzte. Bi konpartsak larunbat arratsaldean ere aterako dira.
Larunbatean, 12:30etik aurrera, Gero Axular Dantza Taldeak "Intxixu Euskal Inauteria" ekarriko du Donostiako kaleetara, eta 13:00etatik aurrera emanaldia eskainiko du Konstituzio plazan. Arratsaldean, Lanpernak eta Haurtxo Zaratatsuak konpartsekin batera, konpartsa tradizionalen animazioa izango da Eskoletako Lorezainen Konpartsaren, Gaztediko Oilarren Konpartsaren, Gaztelubideko Fanfarrearen, Donosti Cup Danborradaren eta Amarakaldek Kaldereroen Konpartsaren eskutik. 20:00etatik aurrera igaroko dira Konstituzio plazatik.
Aurten, inauterietako igandean, 1994an Momo jainko izan zenak eta urtero "inauterien boterea berari ematen dion" makuluaren sortzaileak, Josetxo Fuentesek, Lorezainen Konpartsaren aginte-makila Tomas Ugaldebere Eskola Dantza Taldekoari emango dio, konpartsak Konstituzio plazan egiten duen geldialdian, konpartsa honen buru 25 urtez izan ondoren.
Konpartsak izango dira Donostiako Inauterietako "protagonista nagusiak". Hainbat hilabetez jantzi eta koreografiak prestatu dituzte, Illunben egiten den aurkezpen tradizionalean Inauterietako Jantzien Diseinuaren VI. Sarian lehiatzeko ostiraletik martxoaren 15era arte, Bidebietako kaleetan zehar egingo duten desfilearekin amaitzeko.