Gizartea -
PISTOLA ELEKTRIKO BATEKIN
Polizia batek itsu baten kontra egin du, ezpata bat zeramalakoan
Gizona pistola elektriko batez geldiarazi du, eta 50.000 volteko deskarga eman dio. Ustezko ezpata itsuaren bastoia zen.
Erredakzioa
Britainia Handiko Poliziak barkamena eskatu du, agente baten hutsegiteagatik. Itsu bat bere bastoiarekin kaletik zihoala, agente batek haren kontra egin du, samuraien ezpata bat zeramalakoan.
Colin Farmer (61 urte) taberna batera zihoan, ‘geldi’ egoteko esan diotenean. Aurretik, herritar askok Poliziara deitu dute, pertsona bat kaletik arma batekin zebilela esateko.
Farmer kaletik ikusi dutenean, gelditzeko agindua eman diote. Susmagarria inguratu, eta agenteetako batek pistola elektrikoa erabili du, itsuak ezpata bat zeraman ustean. Gizonezkoak 50.000 volt jaso ditu, eta lurrera erori da, itsua zela oihukatuz. Agenteak segundo batzuk behar izan ditu, ustezko ezpata bastoia zela ikusteko. “Amesgaizto bat bezalakoa izan da; hooligan batzuen erasoa zela pentsatu dut hasieran”, azaldu du Farmerrek.
Poliziak berak eraman zuen Farmer ospitalera, eta, zauri larririk ez zuela ikusita, senda-agiria eman zioten berehala.
Poliziak barkamena eskatu eta gertatutakoa ikertzen ari direla adierazi du. Biktimak, bestalde, kasua auzitara eramango duela adierazi du.