Gizartea -
Sexu-erasoa
Bi gizonen arteko borroka eta horien atxiloketa ekarri du Bilbon emakume bati egindako sexu-erasoak
Atxuri auzoan bart jazotako sexu-erasoa ikertzen ari da Ertzaintza. Biktima liskarraren ondorioz atxilotutako bi gizonetako baten bikotekidea da. 23:30ean gertatu ziren erasoa eta atxiloketak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ertzaintzak bi gizon atxilotu zituen atzo gauean Bilboko Atxuri auzoan liskar batengatik. Biak ala biak zaurituta zeuden. Dirudienez, kristalezko edalontzi batekin egin zion eraso bietako batek besteari, eta objektu zorrotz batekin erantzun zion besteak. Segurtasun Sailak uste du emakume bati egindako sexu-erasoak ekarri zuela borroka, bi gizon horietako baten bikotekidea baita biktima.
23:30ean gertatu zen guztia. Ordu horretan, hiria zaintzen ari ziren zenbait ertzain Enkarnazio kalera joan ziren, borrokaldi bat zegoela jakin zutenean.
Osasun-langileak gizon bat artatzen ari ziren agenteak iritsi zirenerako. Lurrean etzanda zegoen gizona, eta bularraldean objektu zorrotz batekin egindako zauriak zituen.
Lekukoek emandako informazioari esker jakin zuten agenteek bi gizonen arteko eztabaida izan zela bertan, eta elkarri eraso ziotela.
Lurrean etzanda zegoen gizonak kristalezko edalontzi batekin jo zuen bestea.Erasotzaileak alde egitea lortu zuen, baina Ollerieta kalean harrapatu zuten ertzainek. Geldiarazi ondoren, identifikatu eta atxilotu egin zuten.
Ertzaintzak, bestalde, ikerketa abiatu du 21 urteko emakumeak jasandako sexu-erasoa argitzeko.