Gizartea -
Lille herrialdean
Duela 15 urte hildako agure baten hilotza aurkitu dute Frantzian
Udaleko zerbitzuek kasualitatez aurkitu dute adineko espainiar honen gorpua. Gizonezkoa ohean zegoen, pijamaz jantzita.
Erredakzioa
Duela 15 urteko hildako adineko espainiar baten hilotza aurkitu dute bere etxean, Lillen, Frantziako iparraldean. Ur-iragazpen batzuen jatorria bilatzen ari ziren Udaleko zerbitzuek kasualitatez aurkitu dute adinekoaren gorpua, ohean eta pijamaz jantzita.
Didier Perroudon Lilleko segurtasun publikorako zuzendariak azaldu duenez, adinekoa Alberto Rodriguez da, 1921ean jaioa. Auzitegi-medikuek gorpua aztertuko dute gaur baina hasierako ikerketek diotenez, "ez du ematen ekintza kriminal batek eragindako heriotza dela". Etxebizitzaren egoeraren arabera, "litekeena da indarkeririk gabeko heriotza izatea, adinekoa ohean berez hil izana, hain zuzen ere", azpimarratu du Perroudonek.
Gauzak horrela, ikerketa bat abiatu du Poliziak heriotzaren nondik norakoak eta adineko honen desagerpenak salaketarik eragin ez izana argitzeko. "Antza denez, inguruko zonaldeetan ez zuen senitartekorik", adierazi du Perroudonek, "baliteke auzokideekin harremanak ez izatea eta, ondorioz, honen heriotzaz ez ohartzea".