Gizartea -
Araba
Gasteizko diskoteka baten atarian izandako heriotzagatik atxilotutakoa, epailearen aurretik pasatzeko zain
EITBk jakin ahal izan duenez, gizon horrek, dantzalekuko atezainak, emandako kolpe baten eraginez erori zen biktima lurrera, eta buruan jasotako kolpearen ondorioz hil zen.
eitb media
Atzo goizaldean Gasteizko dantzaleku baten atarian izandako heriotzarekin lotuta atxilotu zuten gizonezkoak epailearen aurretik igarotzeko zain jarraitzen du, eta baliteke gaur bertan deklaratzea.
Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen 31 urteko gizon bat Gasteizko dantzaleku baten atarian hil ostean. EITBk jakin ahal izan duenez, atxilotutako atezainak emandako zartako baten eraginez erori zen mutila, eta buruan hartutako kolpearen ondorioz hil zen.
Gasteizko Bake kalean izan zen heriotza, 04:50 aldera, Mitika diskotekaren atarian, hain zuzen.
112 SOS Deiak larrialdi zerbitzuak abisua jaso zuen dantzaleku baten atarian gizon bat lurrean konortea galduta zegoela ohartarazteko. Ertzaintza eta osasun-zerbitzuak bertaratu ziren, eta gizona suspertzen saiatu ziren arren, ez zuten lortu, eta gizona bertan hil zen.
Lehen ikerketetan oinarrituta, Ertzaintzak dantzalekuko atezainetako bat atxilotu zuen gertakariarekin lotura izan dezakeelakoan.