Gizartea -
Italia
Sei urteko kartzela-zigorra, L'Aquilako lurrikara ez iragartzeagatik
Auzitegi batek Arrisku Handietarako Batzordeko kideak zigortu ditu, balizko lurrikara baten arriskuak gutxiesteagatik eta prebentziozko neurririk ez hartzeagatik.
Erredakzioa
L´Aquilako Auzitegiak sei urteko kartzela-zigorra ezarri die Arrisku Handietarako Batzordeko zazpi kideei, balizko lurrikara baten arriskuak gutxiesteagatik eta, 2009ko apirilean Abruzzi mendietan lurrikara bat izan baino astebete lehenago bilduta ere, prebentziozko neurririk ez hartzeagatik.
Italiako komunikabideek jakitera eman dutenez, epaileak arduragabekeriaz giza hilketa eragitea leporatu die, eta sei urteko kartzela-zigorra ezarri die; ondorioz, Fiskaltzak eskatutakoa gainditu du, azken horrek 4 urteko espetxealdia eskatzen baitzuen.
Lehen auzialdiko epaiketa 2011ko irailaren 20an hasi zen, eta 2009ko apirilaren 6ko lurrikararen ostean hasitako ikerketaren prozesu garrantzitsuena izan zen. Seismoak 300 hildako baino gehiago utzi zituen, eta Abruzzo eskualdea eta L’Aquila gune historikoa suntsitu zituen.
Bileran “lurrikaren arriskuen aurrean modu eraginkorrean ez jokatzea eta batzordearen jarduerak ez betetzea” leporatu diete auzipetuei.
Auzipetuak honako hauek dira: Franco Barberi Arrisku Handietarako Batzordearen presidentea, Bernardo de Bernardinis Babes Zibileko Departamentuko alor teknikoko zuzendariordea eta Enzo Boschi Geofisika eta Bolkanologia Erakunde Nazionaleko presidentea.
Ondorengo hauei ere sei urteko kartzela-zigorra ezarri diete: Giulio Selvaggi Lurrikaren Zentro Nazionaleko zuzendaria, Gian Michele Calvi Ingeniaritza Sismikoa Ikertzeko eta horretan Hezteko Europar Zentroko presidentea, Claudio Eva Genovako Unibertsitateko Fisika irakaslea eta Mauro Docle Babes Zibileko Arrisku Sismikoen Bulegoko zuzendaria.
Epaiaren berri izan ostean Marco Petrelli Barberiren abokatuak esan duenez, erabakia “txundigarria eta ulergaitza da, eskubideei eta gertakizunak baloratzeari dagokienez”.
Filippo Dinacci De Bernardinisen abokatuaren hitzetan, epaiak “eragin handia izango du Administrazio Publikoen gain”, eta hemendik aurrera inork ez duela ezer egingo gaineratu du.