Gizartea -

EITB DATA

EAEko biztanleek batez beste 83 € ordaintzen dituzte urtean botiketan; 112 € Nafarroan

Gastu osoa, herritarren poltsikotik ordaintzen dena eta gobernuek ordaintzen dutena, 319 eta 352 eurokoa da, hurrenez hurren, pertsonako eta urteko. Bi kasuetan, zatirik handiena estaldura publikoarekin ordaintzen da.

Hego Euskal Herrian botiketan egiten den gastua. Argazkia: EITB Media.
Hego Euskal Herrian botiketan egiten den gastua. Argazkia: EITB Media.
Hego Euskal Herrian botiketan egiten den gastua. Argazkia: EITB Media.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleek batez beste 83 euro ordaintzen dituzte urtean farmazia-produktuetan euren poltsikoetatik. Kopuru hori Nafarroakoa baino apalagoa da, foru erkidegoan batez beste 112 euro ordaintzen baitituzte.

Zuzeneko gastua % 51 igo da azken hamarkadan Nafarroan, eta % 15, EAEn. Hainbat faktorek dute eragina bilakaera horretan: medikamentuen prezioen igoerak (batez ere errezetarekin erosten ez direnak), kostu handiagoko produktuen kontsumoak, errezetarik gabeko produktuen kontsumo handiagoak...

Estatuan, herritarrek batez beste 109 euro ordaintzen dituzte zuzenean, pertsonako eta urteko. Gastu handiena Madrilen dute (151 €), eta txikiena, berriz, Extremaduran (73 €). Europako beste herrialde batzuei begiratuz gero, Italia eta Finlandia dira produktu farmazeutikoetan zuzeneko gastu handiena duten herrialdeak (231 eta 196 €, hurrenez hurren). Kontrara, Frantziak (55 €) eta Herbehereek (67 €) dute gasturik txikiena.

Alabaina, pazienteek zuzenean poltsikotik ordaintzen dutena botiken gastu osoaren zati txikiena da, fakturaren zati nagusiak estaldura publikoa baitu. EAEn, botiken kostu osoaren % 74 laguntzen da diruz; Nafarroan, berriz, % 68.

Kostu orokorra kontuan hartzen badugu, zuzenekoa eta diruz lagundutakoa batuta, EAE eta Nafarroa dira sendagaien kontsumoan gutxien gastatzen duten Estatuko autonomia-erkidegoetako bi. Hain zuzen ere, EAE zerrendako azken-aurreko postuan dago, urtean pertsonako 319 euro gastatzen baititu. Katalunia bakarrik dauka atzetik, 315 eurokoa gastua baitu.

Nafarroan, gastua zertxobait handiagoa da (352 €), baina Estatuko autonomia erkidegoek batez beste gastatzen dutena (383 €) baino gutxiago ordaintzen du. Galizia eta Kantabria dira pertsonako urteko gasturik handiena duten bi erkidegoak, 456 eta 450 eurokoa baita, hurrenez hurren.

Kostua handitzeko arrazoietako bat biztanleriaren zahartzea da, eta, horrekin batera, sendagaiak behar dituzten gaixotasun kronikoen gorakada. Azken 40 urteetan, 85 urtetik gorako biztanleria boskoiztu egin da EAEn. Ikerketan aurrera egiteak eta farmako berriak garatzeak horien erabilera sustatzen dute, eta, ondorioz, kostuaren igoeran euren aletxoa jartzen dute. 

Aitzitik, bizimodu osasuntsuagoa izateak farmakologiaren erabilera murrizten laguntzen du. Era berean, medikamentu generikoak erabiltzeak ere lagundu egiten du, horien erabilerak "medikamentuen kostua % 40 eta % 60 artean murrizten baitu", Medikamentu Generikoen Espainiako Elkartearen (AESEG) arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak EITB Data Farmaziak