Gizartea -

EITB DATA

Osasun mentala, adin-tarte guztietan agertzen den arazoa

Gaixotasun horiekin lotutako sendagaiak hartzen dituzten herritarren ehunekoak gora egiten du adinarekin. Hala ere, botikak kontsumitzeko arrazoia desberdina da adin bakoitzean: gazteenek antsietate eta depresiorako behar dituzte; helduenek, berriz, lo egiteko.

Adin guztietako pertsonek hartzen dituzten osasun mentalerako botikak. Argazkia: EITB Media.
Adin guztietako pertsonek hartzen dituzten osasun mentalerako botikak. Argazkia: EITB Media.
Adin guztietako pertsonek hartzen dituzten osasun mentalerako botikak. Argazkia: EITB Media.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken urteetan hazi egin da osasun mentalari eta honek gure ongizatean duen eraginari buruzko ardura gizartean, batik bat covid-19aren pandemiaren ostean. EITB Dataren azken ikerketaren arabera, arazo hau adin-tarte guztietan agertzen da, baina patologia horien aurkako botikak hartzeko arrazoia desberdina da adineko pertsonentzat eta gazteentzat.

Osasun mentalaren barruan sartzen diren afekzioak asko dira: antsietatea, depresioa, psikosia, egokitze-nahasmendua, TOCa, fobiak, insomnioa eta abar.

Beste gaixotasun kroniko batzuetan bezala, kasu honetan ere, adinean aurrera egin ahala, handitu egiten da botikak hartzen dituzten herritarren kopuruaren ehunekoa.

Hala ere, deigarria da patologia horiek adin-tarte guztietan agertzen direla. Beste gaitz batzuek, kolesterolak edo tentsio arterialak esaterako, ez dute ia eraginik gazteen osasunean, baina buruko gaixotasunek bai.

Horrela, 15-24 adin-tartean, herritarren % 3,4k osasun mentalerako botikak hartzen dituzte. 25 eta 44 urte bitartekoen artean, % 5,6k hartzen dituzte. 45-64 urtekoen artean, % 15ek hartzen dute horrelako botikaren bat. 65 urtetik gorakoen artean, berriz, % 30ek.

Dena den, botika horiek hartzeko arrazoia desberdina da adinaren arabera.

Zaharrenek batez ere lo egiteko kontsumitzen dituzte. Osasun mentalerako farmakoren bat hartzen duten 65 urtetik gorako herritarren erdiek horretarako hartzen dituzte.

Aitzitik, gazteenen artean antsietateak eta depresioak duten pisua handiagoa da. Hala, 15-24 urteko adin-tartean, horrelako sendagairen bat hartzen dutenen % 86k nerbioei, antsietateari edo depresioari aurre egiteko hartzen dituzte. 25-44 urteko tartean, berriz, % 70ek hartzen dituzte.

Antidepresioei dagokienez, azken hamarkadan nabarmen igo da 1.000 biztanleko eguneko dosia kontsumitzen dutenen kopurua. Zehazki, kopuru horrek % 35 egin du gora EAEn eta % 34 Nafarroan, Osasun Ministerioaren datuen arabera.

Generoari begiratuta ere datuak ezberdinak dira: osasun mentalak gehiago eragiten die emakumeei gizonezkoei baino. Hain zuzen ere, emakumeen % 17,5ek aitortzen dute lo egiteko eta antsietateari edota depresioari aurre egiteko botikak hartzen dituztela. Gizonezkoak, ordea, % 9,7 dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak EITB Data Farmaziak