Gizartea -
Hellit
Martxan jarri da egunero Gasteiz-Bartzelona bidea egingo duen hegaldia
Hellit konpainiaren webgunean kaleratutakoaren arabera, hegaldiak 89 euro balio du. Goizeko hegaldia 07:15ean ateratzen da, eta 22:30ean itzultzen da.
Erredakzioa
Hellit konpainiak Gasteiz eta Bartzelona arteko hegaldia eskaintzen du igande honetatik aurrera. Egunero, 07:15ean ateratzen da Gasteizetik eta 22:30ean itzultzen da bertara.
Abel Pizarro konpainiako presidenteak aurkeztu du aste honetan hegaldi berria Gasteizen eta Forondari etorkizun "kaudimenduna" emateko proiektua dela esan du, "Arabako hiriburuak eskaera nahikoa duelako aireportu lehiakorra edukitzeko".
Halaber, ez dela "low cost" konpainia eta kalitatearen alde egiten dutela argitu du, baina prezioak "eskuragarriak" dituztela zehaztu du.
Konpainiaren webgunean jartzen duenaren arabera, bidaiak 89 euro balio du, baina promozioak egongo direla gaineratu dute.
Konpainiak Forondari "oxigenoa" ematen diola esan du Helliteko presidenteak, izan ere, ordutegia murriztu dute aireportuan eta "ordutegiak mantentzeko ahaleginak" egingo dituztela iragarri du.
Dagoeneko 3.000 txartel saldu dituztela adierazi du eta hegaldien okupazio maila % 50ekoa dela (66 bidaiari sartzen dira hegazkinean). Hala ere, % 75era iritsiko direla uste du eta hortik aurrera, hegaldi gehiago jartzea aztertuko dutela azpimarratu du, batik bat penintsula hegoaldera bidaiatzeko.
Egun, Hellit konpainia Malagan, Melillan, Madrilen, Bartzelonan, Badajozen, Mallorcan, Iruñean eta Casablancan (Maroko) dago.