Gizartea -
Eguraldia
Aro hotza dakarte inauteriek
Datozen egunetan, euri gutxi egingo du, baina tenperaturak nabarmen jaitsiko dira Euskal Herri osoan. Iragarpenak ez du baztertzen igandean 1.000 metrotik behera elurra egitea.
EITB MEDIA
Asteburu hotza dator. Gaur, ostirala, aurreko egunetan baino tenperatura baxuagoak izango dira, eta hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira. Goiza iluna izango da, baina eguerdi-arratsalde partean argitzera egingo du.
Ez da prezipitazio handirik espero, nahiz eta han-hemenka euri txikia egin dezakeen. Goizeko lehen orduan, izotza egin du Arabako eta Nafarroako zenbait tokitan.
Larunbata are hotzagoa izango da. Maximoak nekez iritsiko dira 12 gradura kostaldean, eta 8ra barnealdean. Minimoak ere jaitsi egingo dira, eta izoztuta esnatuko da barnealdea.
Laino asko ikusiko dira zeruan, nahiz eta orokorrean euririk egingo ez duen. Arratsalderako, haize zakarragoa iragarri dute, Araban bereziki.
Igandean, negu giroa izango da nonahi, hotza eta euria nagusituko baitira. Tenperaturak ez dira asko aldatuko, 10 graduren bueltan egongo baitira. Egun hodeitsua izango da, batez ere barnealdean, eta elur kota 1.000 metro inguruan kokatuko da. Dena den, baliteke altuera txikiagoan ere malutaren bat edo beste botatzea.
Haizeak iparretik joko du, eta giro makurra ekarriko du.
Bestalde, itsasaldeko arriskua tarteko, abisu horia ezarri du Euskalmetek larunbat eta iganderako.