Gizartea -
Ebakuntza estetikoak
Bi emakume atxilotu dituzte Donostian behar den lizentziarik gabe kirurgia estetikoko ebakuntzak egiteagatik
Atxilotuek medikuntza estetikoko ebakuntzak egiten zituzten modu klandestinoan pisu turistiko batean.
EITB Media
Ertzaintzak 39 eta 40 urteko bi emakume atxilotu ditu Donostian lizentziarik gabe kirurgia estetikoko ebakuntzak egiteagatik. Atxilotuek ez zuten dokumentaziorik eta ez zuten araudia betetzen. Pisu turistiko batean egiten zituzten ebakuntzak.
Gipuzkoako Sendagileen Elkargoan intrusismoagatik jarritako salaketa baten ondoren abiatu zuen ikerketa Ertzaintzak. Atxilotutako emakumeek sare sozialetan iragartzen zituzten tratamenduak, hirira etortzen zirenean.
Ikerketan zehar, egiaztatu zuten tratamendu estetikoak ez zirela baimendutako zentro batean egiten, baizik eta hiriburuaren erdiguneko etxebizitza turistiko batean. Era berean, atxilotuek mediku gisa aurkezten zuten euren burua, inolako agiri ofizialik akreditatu gabe. Bestalde, erabilitako materialak ez zuen legezko araudia betetzen.
Ostegun honetan atxilotu dituzte bi emakumeak, intrusismoa eta osasun publikoaren aurkako delitua leporatuta. Miaketan, Europako araudiarekin homologatu gabeko produktuak eta 7.000 eurotik gora konfiskatu dizkiete. Atxilotuak agintari judizialaren esku utzi dituzte.