Gizartea -
Eliza katolikoa
Iruñeko artzapezpikuak esan du "laster" hasiko direla Elizan sexu-abusuen biktimei kalte-ordaina ematen
Florencio Rosellok aitortza egiteko eta kalte-ordaina emateko prozesu bat iragarri du, hala eskatzen duten biktimei ekonomikoki, psikologikoki eta espiritualki laguntzeko. Elizak 23 abusu kasu zenbatu edo onartu ditu Nafarroan.
Agentziak | EITB Media
Florencio Rosello Iruñeko artzapezpikuak iragarri du "laster" ekingo diotela Elizan abusuak jasan dituzten biktimei erreparazioa egiteko eta kalte-ordaina emateko prozesuari, hala eskatzen duten biktimei ekonomikoki, psikologikoki eta espiritualki laguntzeko.
EFE agentziak egindako elkarrizketa batean, artzapezpikuak gogorarazi du Eliza katolikoaren barruko Sexu Abusuen Batzordean parte hartzen dutela Nafarroan, eta adierazi du harremanetan dagoela biktimen bi elkarterekin eta Nafarroako Gobernuarekin.
Gotzainen Biltzarrak martxan jarritako Elizako Abusuei buruzko Batzordean burutuko da prozesua, eta Nafarroako biktimen espedienteak batzorde horretara bidaliko dira.
Rosellok onartu duenez, prozesu hau martxan jarriko da "jakitun izanik kasu guztiak preskribatuta daudela"; beraz, "judizialki ez dute inolako ibilbiderik", baina biktimei aitortza egiteko "konpromiso morala" dago.
Abusuak apaizenak eta erlijiosoenak direla aipatu du. Lehenengoak ordaintzeko ardura artzapezpikutzak hartuko du, eta kalte-ordainak Elizaren funtsekin emango dituzte; bigarrenak ordaintzeko ardura, berriz, kongregazioek hartu beharko lukete.
Guztira 23 kasu dira Nafarroan, bai Elizbarrutian, bai kongregazioetan. Artzapezpikutza harremanetan dago elkarteetan sartuta dauden 9 edo 10 biktimarekin.
Azpimarratu duenez, kalte-ordainak Zuzenbide Penalean ezarritakoaren arabera kalkulatuko dira, baita Europako beste gotzain biltzarretan aplikatutako baremoaren arabera ere.
Azkenik, Rosellok barkamena eskatu du Elizaren barruan egindako gehiegikeriengatik, eta duela urtebete Artzapezpikutzara iritsi zenean bidea eginda eta "gehiago edo gutxiago asmatuta" egindako lana aurkitu zituela adierazi du.