Gizartea -
Gipuzkoa
Isunak Pasaiako portuan arrantzatzeagatik, gaurtik aurrera
Pasaiako Portu Agintaritzak gogorarazi du debekatuta dagoela azkenaldian inguru horretan "hainbeste zabaldu den" kirol-arrantza.
agentziak | eitb media
Pasaiako Portu Agintaritzak gogorarazi du kirol-arrantza debekatuta dagoela portuaren eremuan, eta iragarri du isunak jarriko dituela martxoaren 1etik aurrera.
Portu Agintaritzak ostegunean kaleratu zuen ohar hori, azkenaldian Hospitalillo, Trintxerpe, San Pedro, Donibane eta Arraindegia 1 eta 2 kaietan kirol-arrantzak zabalpen handia izan duelako, nahiz eta debekatuta dagoen.
Era berean, nabarmendu zuen debekatuta dagoela baimenik gabe "aulkiak edo mahaiak jartzea, otorduak egitea, taldetan eserita egotea, bainatzea, kaietatik edo edozein motatako artearekin arrantza egitea portuko kai eta uretan".
Portu Agintaritzak gehitu zuenez, praktika horiek "Pasaiako eta inguruko bizilagunei eragiten dieten arazoak sortzen ari dira", tartean "hondakinak pilatzea", eta iragarri seinaleak jarriko dituela laster hori gogorarazteko.