Gizartea -
PEDERASTIA
Vatikanoak Opus Dei erakundetik kanporatu du pederastiagatik zigortutako Gaztelueta ikastetxeko irakaslea
Sententzia kanonikoan jasota geratu da Opus Deik ez zuela auzia argitzeko epaiketan "lagundu", baina, halere, ez da erakundearen kontrako neurririk hartu.
EITB MEDIA
Adin txikiko bati sexu-abusu jarraituak egiteagatik zigortutako Gaztelueta ikastetxeko irakaslea Opus Dei erakundetik kanporatu egingo dute. Hala ebatzi du Vatikanoak, gaur jakinarazitako sententzia kanoniko batean. Bertan zehazten denez, Juan Cuatrecasas biktimaren lekukotza "sinesgarria" da.
Jose Antonio Satue Teruelgo Apezpikuak sinatutako ebazpena da. Berak zuzendu du ikerketa. Gazteluetako irakasleak sexu-abusuak egin zituela probatu dutela eta horrek hura kanporatzea justifikatzen duela dio epaiak. Nolanahi ere, ez da Opus Deiren aurkako neurririk hartu, Elizako ikertzaileek baieztatu badute ere erakundeak ez duela lagundu prozesua argitzeko epaiketan. Biktimarentzako edota haren familiarentzako kalte-ordaina ezartzea ere ez da erabaki.
Epaiak frogatutzat eman du irakasleak sexu-izaerako galderak eta ukituak egin zizkiola biktimari, baina masturbazio zein penetrazio jokabideak gertatu zirenik ez du ziurtzat eman. Azken horiei buruz hitz egiteko, "akusazioa indartzen duten berrespen periferikoak" kontzeptua erabiltzen du. Biktimaren familiaren ustez, Opus Deitik kanporatzea ez da neurri nahikoa, eta Juan Cuatrecasas aitak uste du bide kanonikoak "biktimak berbiktimizatzeko" baino ez duela balio.
2018an, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak 11 urteko kartzela-zigorra ezarri zion Gazteluetako irakasle ohiari, 2008-2009 eta 2009-2010 ikasturteetan, biktimak 12 eta 13 urte zituela, abusuak egin zizkiolako.
Ondoren, 2020an, Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen sexu-abusuak egin zituela akusatuak, baina zigorra bi urtera jaitsi zuen.
Handik bi urtera, biktimarekin elkartu eta gero, Frantzisko aita santuak Gaztelueta kasua berriro zabaltzea agindu eta auzitegi kanoniko bat izendatu zuen.