Gizartea -

LAN-ISTRIPUA

Langile bat hil da Elorrioko Betsaide lantegian, makina batek harrapatuta

Istripua goizeko 08:00 aldera gertatu da. Suhiltzaileak langilea makinaren azpitik ateratzen saiatu diren arren, bertan hil da. Enpresa-batzordeak 24 orduko lanuztea eta elkarretaratzea deitu ditu asteazken honetarako, 12:00etatik aurrera, lantegiaren aurrean.

Argazkia: EITB MEDIA
Argazkia: EITB MEDIA
Argazkia: EITB MEDIA

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

38 urteko langile bat hil da gaur goizean, makina batek harrapatuta Elorrioko Betsaide lantegian, Segurtasun Sailak baieztatu duenez. Istripua 08:00etan gertatu da, burdinazko eta altzairuzko piezak egiten dituen enpresan.

Langile bat makina batek harrapatuta geratu da, eta suhiltzaileak bertatik ateratzen saiatu diren arren, langilea bertan hil da.

Enpresa-batzordeak 24 orduko lanuztea eta elkarretaratzea deitu ditu asteazken honetarako, 12:00etatik aurrera, lantegiaren aurrean.

ELA eta LAB sindikatuek adierazi dutenez, hildako langilea senegaldarra zen eta 38 urte zituen. Azpikontrata batean lan egiten zuen. Grupo One azpikontratako behargina zen, eta garbiketa industrialeko lanak egiten zituen.

ELAk salatu duenez, "azpikontratazioa prekarietate iturria da enpresa askotan, azpikontratetan ez baitira ezartzen istripuei eta gaixotasunei aurre egiteko prebentzio neurri egokiak".

Sindikatu abertzaleak adierazi duenez, Betsaide galdaketa-enpresa bat da, eta, beraz, "ezbeharrak areagotzeko arrisku handia dago bertan, babes-neurri, prestakuntza eta baliabide egokiak egon ezean".

Aurten Bizkaian lan-istripuz hil den lehen behargina da hildakoa. ELAren arabera, dagoeneko zortzi langile hil dira aurten Hego Euskal Herrian lan-istripuz, eta horietatik hiru gutxienez hil dira makina batean harrapatuta.

LABek ohartarazi duenez, 2019an enpresa berean azpikontratatutako beste behargin batek "istripu larria" izan zuen, deskarga elektriko baten ondorioz.

Gainera, sindikatu abertzaleak gaitzetsi du Osalanek eta Eusko Jaurlaritzak ez dutela enpresei lan-osasuneko araudia betearazteko "borondaterik", eta patronalari "inpunitate osoz" jokatzea leporatu dio.

Bestalde, UGT-Euskadi sindikatuak elkarretaratzea egingo du asteazken honetan Bilbon duen egoitzaren aurrean, lan-istripua salatzeko.

Bi istripu gehiago ordu gutxian

Gainera, gaur 55 urteko behargin bat zauritu da Karrantzako (Bizkaia) La Cadena auzoko harrobi batean izandako lan-istripu batean. Langilea harrobian lan egiteko erabiltzen zuen makina baten kabinan harrapatuta geratu da. Makina horren gainean harri bat erori da, eta zapaldu egin du.

Ezbeharra 16:30 aldera gertatu da; suhiltzaileak bertaratu dira eta langilea erreskatatzea lortu dute. Ondoren, helikoptero batek zauritua Gurutzetako Ospitalera eraman du.

Atzo, astelehena, 40 urteko langile bat zauritu zen Lezamako (Bizkaia) Aretxalde auzoan baso-lanetan ari zela izandako istripu batean.

Lan-istripua 11:30ean gertatu zen, eta arrastatzeko makina batek beharginaren hanka bat harrapatu zuen. Kasu horretan ere, Osakidetzako helikoptero bat bertaratu zen zauritua Gurutzetako Ospitalera eramateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Bizkaia EAE albisteak Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Elorrio