Gizartea -

Ibilgailu barruan

Kartzela zigorra, atxilotu bati granada bota zion mossoarentzat

Ustez estortsioan aritzen zen talde bateko kideetako bat atxilotu nahi zuen agenteak, eta, ibilgailu barruan granada botata, barrabilak lehertu zizkion.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bartzelonako probintzia-auzitegiak urtebeteko kartzela zigorra ezarri dio Esquadra mosso bati, atxilotu nahi zuen gizonezkoari ibilgailu barrura granada jaurti eta barrabilak lehertzeagatik. Halaber, 168.000 euroko kalteordaina ordaindu beharko dio.

Zigortutako agentea Esquadra Mossoen GEI taldeko kidea da. 2008an izan zen polizia-operazioa, eta, bertan, zortzi agentek hartu zuten parte.

Ustez estortsioan aritzen zen talde bateko kideak atxilotzeko asmoarekin, polizia-ibilgailuak errepidean gurutzatu zituzten agenteek. Epairen arabera, ustezko gaizkileek ez zituzten agenteen aginduak bete, eta ez zituzten beren autoko leihoak ireki. Horren aurrean, agenteek kristalak apurtu zituzten, eta, ibilgailuak hiru bat metro egin zuen aurrera.

Autoak agenteen furgoneta joko ote zuen beldur, epaitutako mossoak granada bat bota zuen ustezko gaizkileen auto barrura.

25 urteko gizonezkoari gainean egin zion eztanda granadak, eta, leherketa dela-eta, barrabiletako bat osorik eta bigarrenaren % 45 galdu zituen. Hala, 162.476 euroko kalteordaina ere ezarri dio epaileak agenteari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea