Gizartea -
Eguraldia
Goibel eta haizetsu dator larunbata, eta atsegin igandea
Udaberri garaiko tenperaturak espero dira astebururako, baina giro ezegonkorra nagusituko da larunbatean, haizea eta euri arina tarteko. Igandean, ostarteak izango dira, eta hego-haizeak ez du aurreko egunetan bezain zakar joko.
EITB MEDIA
Gaur, ostirala, egun argia izango da kostaldean, baina barnealdean hodei gehiago ikusiko dira, eta euria egin lezake, bereziki arratsaldetik aurrera eta hegoaldean. Haizeak bortizki joko du han-hemen. Hego-ekialdetik iritsiko dira haize-boladak, eta ipar-ekialdeko mendiguneetan nabarituko dira gehien, batez ere gau partean.
Eguneko tenperaturak 18-20 graduren bueltan egongo dira.
Larunbatean, hegotik iritsiko da haizea, zakar eta gogotsu. Lainotuago egongo da zerua, arratsaldean gehienbat. Euri gutxi egingo du, tarteka eta barnealdean. Arratsaldetik aurrera, ordea, lurralde osora zabalduko dira prezipitazioak, eta maizago bustiko du. Baliteke ekaitza ere egitea.
Tenperaturak ez dira asko aldatuko, nahiz eta, beharbada, koska bat egingo duten behera.
Abisu horia haizeagatik
Larunbatean, abisu horia ezarri dute haizeagatik, 00:00etatik 21:00etara. Haizeak gogorren jotzen duen tokietan, orduko 100 kilometroko abiadura hartuko dute haize-ufadek, eta gainerakoetan, orduko 80 kilometrokoa.
Iganderako, giro atseginagoa iragarri dute. Hegoaldea hodeitsuago egongo da, baina ostarte zabalak ikusiko dira iparraldean, kostaldean behintzat. Baliteke barnealdean euri-zaparrada bakanen bat egitea. Hego-haizea nagusituko da ostera ere, baina askoz lasaiago.
Goizeko tenperaturak baxuagoak izango dira, eta, oro har, aurreko egunetan baino aro freskoagoa izango da.