Gizartea -
HAIZEA
112 km/h-ko haize-boladak erregistratu dira Oizen eta 87 km/h-koak Zizurkilen
Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du larunbatera arte 100 km/h-tik gorako haize-boladak izateko arriskuagatik.
Agentziak | EITB MEDIA
Hego-ekialdeko 112 km/h-ko haize-boladak erregistratu dituzte bart Oiz mendiko estazio-meteorologikoan, Munitibarren, eta 87 km/h-koak Zizurkilen, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia aktibatuko du berriro ostiral honetan, 18:00etatik 24:00etara, haizeguneetan 100 km/h-tik gorako haize-boladak espero baitira, batez ere ekialdeko mendialdeetan, eta 80 km/h-tik gorakoak haizeguneak ez diren guneetan, bereziki ekialdean, 90 km/h-koak izan baitaitezke.
Haize-bolada gogorrak izateko arriskuagatik ere abisu horia ezarriko dute larunbat honetan, 00:00etatik 21:00etara. Haizeguneetan, hego-ekialdeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete, bereziki ekialdeko mendi inguruetan, eta arratsaldean 110 km/h-ko abiadura ere gaindi dezakete.
Haizeguneak ez diren lekuetan, haize-boladek 80 km/h-ko abiadura gaindi dezakete Gipuzkoan eta Araban, bereziki ekialdean, eta 90 km/h-ko abiadura ere gaindi dezakete; Bizkaian, berriz, 60-80 km/h-ko ufadak izan litezke, eta ekialdean, 80 km/h-koak.