Gizartea -
Osasuna
Glaukoma prebenitzeko, oftalmologiako espezialistek azterketak egitea gomendatzen diete 40 urtetik gorakoei
Gaitz horretan espezializatutako 600 profesional baino gehiago Glaukomaren Espainiako Elkartearen (SEG) Kongresuan parte hartzen ari dira egunotan Donostiako Kursaal Kongresu Jauregian.
Agentziak | EITB Media
40 urtetik gorakoei tarteka azterketak egitea gomendatu diete oftalmologoek, glaukomari aurrea hartzeko. Izan ere, gaixotasun horrek itsutasuna eragin dezake tratatu ezean, eta azterketak garaiz egiteak saihestu egingo luke, esaterako, pazienteak aurrenekoz 60 urterekin joatea kontsultategira, ordurako glaukoma terminala denean.
Gaitz horretan espezializatutako 600 profesional baino gehiago Glaukomaren Espainiako Elkartearen (SEG) Kongresuan parte hartzen ari dira egunotan Donostiako Kursaal Kongresu Jauregian.
Francisco Muñoz SEGeko presidenteak eman dio hasiera ofizialki hitzorduari ostiral honetan, nahiz eta saioak ostegunean hasi ziren. Bertan gonbidatu moduan hartu du parte Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak, eta oftalmologoen lana eskertu du, "herritarrei ondo ikusten laguntzen dietelako", eta, gaineratu duenez, "bizitzari buruzko ikuspegia eta begirada izateko, lehenik eta behin ondo ikusi behar da".
Hiru egunez, adituek hainbat alderdi aztertuko dituzte begi-tentsioak eragindako eta biztanleria orokorraren % 3ri eragiten dion gaixotasun horri aurre egiteko.
Adituen gomendioak
"Glaukomak ez du sendabiderik, geldiarazi edo moteldu besterik ezin dugu egin, eta ez da gutxi", adierazi du Aritz Urcola SEGeko idazkariorde eta biltzarra antolatzeko tokiko batzordeko kideak.
Gaixotasun hori dutenen erdiek ez dakite gaitza dutela, fase aurreratuetan egon arte ez baita sintomarik agertzen; horregatik, pedagogian jarri du azpimarra adituak, gizarteari azterketa oftalmologikoen garrantzia azaltzeko.
"Alzheimerra bezalako beste gaixotasun batzuekin gertatu den bezala, gaixotasun honen gaineko ezagutza eta garrantzia ere pixkanaka gorantz doala iruditzen zait, eta orain ez du jada lehen zuen izen txar hori", adierazi du.
"Astero aurkitzen ditugu lehen aldiz 60 urterekin joan eta glaukoma terminal bat duten pazienteak, eskopeta-kanoi batetik begiratuta bezala ikusten dutenak", deitoratu du.
Iñaki Rodriguez tokiko batzordeko kideak horren harian adierazi duenez, "ez da alarmarik sortu behar eta ez da obsesionatu behar", baina oftalmologoarengana joateak "itsutasun kasuak saihestuko lituzke".
Horren esanetan, gaur egun dauden baliabideekin ez da bideragarria gaitz horren baheketa orokor bat egitea, baina eraginkorra izan daiteke arrisku-taldeetan egitea, hala nola miopia altua dutenengan, familan aurrekariak dituztenengan edo diabetikoen kasuan.
Urcolaren arabera, helburuetako bat da anbulatorioetan optiko optometristak sartzea, horietara jotzen baitute herritarrek ikusmen-osasunerako, betiere oftalmologoak gainbegiratuta, ez Lehen Mailako Arretako medikuek.
Begirada Adimen Artifizialean jarrita
Tratamenduei dagokienez, bi adituen ustez, oso garrantzitsuak dira Adimen Artifizialak profil genetikoaren edo tratamendu pertsonalizatuen arloan egin ditzakeen ekarpenak.
"Gero eta datu gehiago eta hobeak ditugu, baina ez ditugu datu horiek aztertu eta egituratuko dituzten profesionalak, matematikariak eta analistak", azaldu du Urcolak.
"Estatistika aurreratuan a priori erlazionatuta egon daitezkeela uste dugun aldagaien arteko korrelazioak bilatzen saiatzen dira, baina Adimen Artifizialak inoiz pentsatuko ez genituzkeen tokietan bilatzen ditu korrelazio horiek", gaineratu du.
Adimen Artifizialaren alderdirik onena litzateke, horren iritzian; izan ere, "pentsatzen lagun diezaguke".
Epe luzera, terapia genikoek eta, ziurrenik lehenago, Adimen Artifizialak ekar ditzaketen aurrerapenen zain, ohiko tratamenduen joera aldatzen joan da azken urteotan.
"2005 inguruan, farmakologiaren booma izan zen, baina 20 urte geroago ikusi dugu gaitzaren hasieratik botika topiko asko ematen bada, kornea oso kaltetuta dutela iristen direla hurrengo fasera, fase kirurgikora. Horregatik, joera da berriro ere prozedura kirurgiko ez oso inbaditzaileetara eta arrisku txikiagokoetara itzultzea", argitu du Urcolak.