Gizartea -

Bizkaia

18 urteko gizonezko bat atxilotu dute Sondikako inauterietan mutil bati labana batekin eraso egiteagatik

Gainera, beste pertsona batek atzamar bat zauritu du botila batekin borroka batean, eta ospitalera eraman behar izan dute, larri ez badago ere.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

18 urteko gizonezko bat atxilotu dute igande honetan Sondikako (Bizkaia) inauterietan 19 urteko mutil bati labana batekin eraso egiteagatik. Zauritua erietxera eraman behar izan dute, Gurutze Gorriko langileek artatu ostean. Udalak jakinarazi duenez, ez dago larri.

Beste borroka bat ere izan da gauerdian. Sesio horretan, lagun batek atzamar bat zauritu du botila batekin, eta ospitaleratu egin dute, zauri oso larria ez zen arren.

Horren aurrean, Sondikako Udalak —alderdi guztien babesarekin— eta Inauterietako Elkarteak "irmoki gaitzetsi" dituzte gertakari biak.

Halaber, indarkeriarik gabeko jai "seguru eta aske" batzuen aldeko konpromisoa berretsi dute. "Ezin ditugu bizikidetzaren eta herriko jai giroaren aurka doazen gisa horretako borrokak onartu", esan dute.

Azkenik, larrialdi zerbitzuek, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak egindako lana eskertu ostean, arduraz jokatzeko deia egin dute, "Sondikak toki seguru bat izaten jarrai dezan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Bizkaia Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Sondika