Gizartea -

UNICEF-en barometroa

Ekonomia eta sexu-erasoak dira Hego Euskal Herriko haur eta nerabeen kezka nagusiak

Politika eta itxura fisikoa dira, berriz, 11 eta 18 urte arteko gazteak gutxien kezkatzen dituzten gaiak. Politikak ardura die gutxien gaztetxoei, oro har.

Gazteak, kalean. Argazkia: EITB
Gazteak, kalean. Argazkia: EITB
Gazteak, kalean. Argazkia: EITB

Manu Gimenez | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego Euskal Herriko haur eta nerabeek komunean zerbait badute, horixe politikarekiko duten interes falta da. Hori ondorioztatu daiteke, behintzat, UNICEFek kaleratu berri duen barometroaren emaitzei erreparatuta.

Kontrako aldean daude, berriz, ekonomia eta haurren aurkako sexu-erasoak. Ekonomia da lau gaztetxotik baten kezka nagusia EAEn, eta % 17rena, Nafarroan. Ingurugiroaren kutsadura bigarren postuan da (% 12).

Gai zehatzen gainean galdetuta, berriz, haurren aurkako sexu-erasoengatik oso kezkatuta daude 11 eta 18 urte arteko gaztetxo gehienak (% 70), eta eskola-jazarpenagatik, munduko gose eta txirotasunagatik, terrorismoagatik eta gerrengatik daude oso arduratuta Hego Euskal Herriko haurren ia % 60.

Askoz atzerago, azken postuetan, ageri dira itxura fisikoa eta politika.

UNICEFek ondoen iritzi dieten erakundeei buruz ere galdetu die gaztetxoei, eta hor, osasun publikoa eta unibertsitateak ageri dira lehen postuetan, 8tik eta 7tik gorako puntuazioekin (0tik 10era), hurrenez hurren, EAEn; eta 8tik gora biak, Nafarroan. Alderdi politikoek ez dute gainditzeko notarik lortu, eta oso nota eskasarekin ageri dira erlijioa, sindikatuak eta Espainiako Estatuko gobernua ere, zerrendaren amaieran.

Erakundeez ez ezik, ogibideez ere galdetu diete haur eta nerabeei, eta osasun publikoaz esandakoa esanda, esperotako emaitza jaso dute barometroan: medikuei diete begirunerik handiena, ia 9 puntuko balorazioarekin. Atzetik daude poliziak, kirolariak, psikologoak eta irakasleak, gertu, 8 puntu ingururekin. Azkenak dira, ordea, politikariak eta influencerrak, gainditzen duten arren.

Estereotipoak

Genero estereotipo geroz eta gutxiago dauden arren, haurren zaintza eta etxeak garbitzea emakumeen lana dela uste dute % 15 inguruk; eta kaleko segurtasuna (% 20tik gora), ordenagailuak (% 15) eta enpresen arduradura (% 10etik gora) gizonezkoena dela pentsatzen dute askok.

Gaurkotasunaren jarraipenari dagokionez, influencerrak eta telebista dira lautik batentzat informazio iturri (% 25 inguruk egunero kontsultatzen ditu), kazetarien eta hedabide ofizialen oso gainetik (azken aukera Nafarroan).

UNICEF Espainiak egindako Haurren eta Nerabeen Iritzi Barometroa izeneko ikerketan Hego Euskal Herriko 11 eta 18 urte arteko 1.270 gaztek parte hartu zuten.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa azken ordukoa Gizartea bideoak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Umeak albisteak