Gizartea -
Ciudad Real
Hil egin da ustez eskola-jazarpenagatik bere burua hil nahi zuen neska
Joan den ostiraletik larri zegoen 16 urte neska gaztea. Aitak salaketa jarri du ikastetxeko ikasketa buruaren kontra, orientatzailearen kontra eta adingabearen tutorearen kontra.
Erredakzioa
Hil egin da ustez eskola-jazarpenagatik Ciudad Realean bere buruaz beste egiten saiatu zen 16 urteko neska gaztea. Joan den ostiraletik larri zegoen, eta astearte honetan zendu da, bertako ospitalean.
Torralba de Calatrava udalerrian bizi zen neska, hiriburutik 15 kilometrora, familiarekin. DBHko bigarren maila ari zen ikasten.
Marcial Marin Hezkuntza kontseilariak adierazpenak egin ditu gaur goizean, neska oraindik larri zegoela, eta gertatutako ikertu egingo dutela ziurtatu du. Erantzukizunik baldin badago, erantzuleei espedientea irekiko zaiela ere adierazi du.
Marinek iragarri duenez, neska gaztearen aitak salaketa jarri du ikastetxeko ikasketa buruaren kontra, orientatzailearen kontra eta adingabearen tutorearen kontra.
Orientzatzaileak ez zuen ''jazarpen jarraiturik'' sumatu
Marinek azaldu duenez, neskaren aitak ikastetxeko buruarekin bilera egin zuen joan den astean, alabak bizi zien ''indarkeria giroaz'' hitz egiteko.
Ordura arte, ikastetxean ez zuten horren berririk, Marinek esan duenez, eta ikasturte hasieratik neskak egindako asistentzi faltak (22 irailetik) ziren sumatutako arazo bakarra.
Ikastetxeko orietatzailea neskarekin bildu zen, eta, jarraian beste bi ikaslerekin ere bilera egin zuen, ustez jazarri egiten zutelako. Orientatzaileak, hala ere, ez zuen ''berdinen arteko jazarpen jarraitua'' ikusi, eta hala jaso zuen txosten batean.