Gizartea -

FAMILIA-POLITIKA INTEGRALA

Umeak lau urte bete arte luzatuko dute seme-alaba bakoitzeko 200 euroko laguntza Euskadin

Hirugarren edo ondorengo seme-alaben kasuan, laguntza 10 urtera arte luzatuko da, hileko 100 euroko zenbatekoarekin. Eusko Jaurlaritzak 112 milioi euro bideratuko ditu datozen lau urteetan adingabeak hazten laguntzeko.

Haurreskola bateko irudia
Haurreskola bateko irudia
Umeak lau urte bete arte luzatu dute seme-alaba bakoitzeko 200 euroko dirulaguntza Euskadin

0:44

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak seme-alabak dituzten familientzako dirulaguntzen agindu bat onartu du, gutxieneko baliabideak bermatzeko eta haurren pobrezia murrizteko. Guztira, Eusko Jaurlaritzak 112 milioi euro bideratuko ditu datozen lau urteetan adingabeak hazten eta zaintzen laguntzeko.

Neurri horren arabera, 2025etik aurrera hileko laguntza 200 eurokoa izango da 4 urtera arte, hau da, urtean 2.400 eurokoa adingabeko. Gainera, hirugarren edo ondorengo seme-alaben kasuan, laguntza 10 urtera arte luzatuko da, hileko 100 euroko zenbatekoarekin.

Laguntzaren helburua da familia-politika integralen oinarriak eta esparrua ezartzea, familien eta familia-kideen bizimoduaren kalitatea eta ongizatea hobetzeko asmoz. Era berean, seme-alabak dituzten familia guztiei gutxieneko baliabideak bermatu eta pobrezia saihesteko asmoa dute.

Familientzako zuzeneko laguntzekin batera, Eusko Jaurlaritzak iragarri du kontziliazio-politikak indartuko dituela, eta 2025ean 25,1 milioi euroko zuzkidurarekin bideratuko duela horretara. Partida nabarmenen artean, honako hauek sartzen dira: 390.000 euro lan-eszedentzian dauden langileentzako laguntzetarako, urtebetetik beherako seme-alaba jaiotzeagatiko eta zaintzeagatiko kotizaziopeko prestazio-aldiak parekatzeko; 23,5 milioi euro, 3 urtetik beherakoak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi-murrizketa dutenentzat edo 12 urtetik beherakoentzat; 1,2 milioi euro, mendetasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeko.

Gainera, urtebetetik beherako seme-alabak zaintzeko eszedentzian dauden langileentzako laguntza-lerroa guraso bakarreko familientzat bakarrik mantenduko da 2025etik aurrera.

Iragarritako beste berritasunetako bat da 2025ean 1,5 milioi euro bideratuko direla 14 urtetik beherakoak zaintzeko etxeko langileak kontratatzeko laguntzetara. Laguntza horiek jaso ahal izango dituzte besteen konturako langileek, kooperatibetako bazkideek eta autonomoek, baldin eta Gizarte Segurantzan familia-etxearen titular gisa agertzen badira.

Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak neurri horiek egungo testuinguruan duten garrantzia azpimarratu du: "Euskadiren gaztetzea, belaunaldien arteko oreka eta gure ongizate-ereduaren bermea jorratzen ari gara. Euskadi gaztetu nahi eta behar badugu, horrelako urratsak eman behar ditugu".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak