Gizartea -
Athletic-Erroma
Erromako 'tifosiak' eta Frente Atleticoko ultrak, Ertzaintzak Bilbon aurreikusten duen tentsio handiko koktela
Erromako 400 ultra inguru iritsiko dira Bilbora, eta Frente Atleticoko hainbat ere etorriko direlakoan dago Ertzaintza.
EITB Media
Athleticek, Bilboko Udalak, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak segurtasun-dispositibo berezia antolatu dute, ostegunean Athleticek eta Erromak elkarren aurka jokatuko duten partida dela eta. Europa Ligako final-zortzirenetako itzulerako norgehiagoka 18:45ean hasiko da, San Mamesen.
Italiako Poliziak ohartarazi duenez, Erromako 400 'tifosi' inguru helduko dira Bizkaiko hiriburura, baina EITBk jakin duenez, Frente Atleticoko hainbat ultra ere etortzea aurreikusten du Ertzaintzak.
Guztira, Erromako 2.000 zale dira Bilbora joatekoak.
Testuinguru horretan, ertzainak eta udaltzainak kalean ibiliko dira egun osoan, zaleen arteko elkarbizitza eta hiriaren martxa ohikoa izan dadin bermatzeko.
Segurtasun dispositiboakSan Mames inguruan izango du eragina batez ere .
Etenak zirkulazioan
15:00etatik aurrera zirkulazioa etengo dute Felipe Serrate eta Luis Briñas kaleetan. Halaber, 15:45etatik aurrera, beste hainbat gune itxiko dituzte Kale Nagusian, Sabino Arana etorbidean, Euskalduna zubian eta Jesusen Bihotzean.
Tranbia zerbitzuan ere eragina izango du, eta 16:00etatik 17:00etara Euskalduna Jauregiraino soilik iritsiko da.
Futbol partidara joateko garraio publikoa erabiltzea eta behar besteko aurrerapenarekin sartzea gomendatzen dute agintariek.
Terrazak kentzea aholkatu dute
Halaber, terrazetako elementu mugikorrak kentzea gomendatu diete Luis Briñaseko —Poza Lizentziatuaren eta Felipe Serrateren arteko kalea— tabernei.
Azkenik, osteguneko partida protokolo eta segurtasun neurri batzuk probatzeko baliagarria izango da, datorren maiatzaren 21ean Bilbon, San Mamesen, jokatuko den Europa Ligako finalari begira.