Gizartea -
EGURALDIA
Euria, hotza eta elurra 800 metrotik behera astebururako
Tenperatura maximoak 7-11 gradu artean izango dira astelehenera arte, eta elur-kota 600-800 metro inguruan egon daiteke asteburuan. Hori dela eta, abisu horia indarrean izango da elurragatik, ostiralean eta larunbatean, EAEn.
EITB MEDIA
Datozen egunetan fronteak eta ezegonkortasun-lerroak iritsiko dira, eta zaparradak eta giro nahasia utziko dituzte. Iparraldeko haizea nagusituko da, zaparradak botako ditu, eta tenperaturak nabarmen egingo du behera. Tenperatura maximoak 7-11 ºC artean izango dira, eta elur-kota 800 metrotik behera kokatuko da.
Ostiralean giroa gaur baino hotzagoa izango da. Prezipitazioak ez dira hain orokorrak izango, eta batez ere ipar partean izango dute eragina. Hegoaldeko eskualdeetara noizbehinka zaparradaren bat iritsiko da. Zaparradak trumoitsuak izan daitezke Kantauri isurialdean, eta txingorra ere egin dezake; elur-kota, berriz, 600-800 metro inguruan egon daiteke goizean eta egunaren azken orduetan, eta 700-900 metro inguruan, berriz, egunaren erdiko orduetan. Hori dela eta, abisu horia indarrean izango da elurragatik, Araban, eta Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean. Iparraldeko haizea ibiliko da, eta ziertzoa bereziki bizia izango da Ebro ibarrean. Tenperatura maximoak 10 °C-tik behera geratuko dira oro har, eta barnealdean izotza egin dezake.
Larunbatean, giro hotza etorriko da. Tenperaturak aurreko eguneko balio berdintsuetan geldituko dira. Zaparradak eta prezipitazioak, oro har, ahulak izango dira eta lurraldearen mendebaldean izango dute eraginik handiena. Ekialdean, leku gehienetan ateri egongo da eta hodeitza zulatuago egongo da, batez ere Nafarroan. Elur-kota 700-800 metro inguruan mantenduko da egunaren erdiko orduetan eta 500-700 metroan, berriz, goizean eta egunaren azken orduetan. Gainera, barnealdeko hainbat lekutan izotza egin dezake. Hori dela eta, elurragatiko abisu horia aktibatuko da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osoan.
Igandean zerua hodeitsu egongo da. Han-hemenka zaparradak botako ditu, bereziki Kantauri isurialdean. Baliteke elur-kota 700-800 metro inguruan kokatzea. Ipar-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperaturan ez aldaketarik izango, eta aldaketarik egotekotan, gutxi igoko da. Izotz txikia egin dezake mendi inguruetan eta Arabako zenbait tokitan.
Astelehenean goiz-lanbroa izango da, eta lainoa. Zerua tarteka hodeitsu egongo da. Eki-osagaiko haize ahul-bizia ibilko da. Elur-kota igo daiteke eta egunaren bigarren partean 1.000 metro inguruan egon daiteke. Tenperatura gutxi igoko da.
Astearterako zeru hodeitsua izango dugu. Egunaren bigarren partean baliteke euri txikia egitea, bereziki barnealdean. Hego/hego-ekialdeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Temperatura minimoak gutxi igoko dira eta maximoak nahikoa edo nabarmen igoko dira.