Gizartea -
Espainiako gazte bat
Gazte bat hil da Ryanairren hegazkin batera igotzen ari zela
Hildakoa, 25 urteko gazte espainiarra, Ciampino aireportuan Ryanair konpainiako hegazkin batera igotzen saiatzen ari zen.
Erredakzioa
25 urteko gazte espainiar bat hil da Erromako Ciampino aireportuan, galtzen ari zen Ryanair konpainiako hegazkin batera igotzen saiatzen ari zenean, Espainiako iturri diplomatikoek Efe agentziari esan diotenaren arabera.
Hildakoa, M.J.L., Valentzian bizi zen eta 1987. urtean jaio zen.
Lehen informazioen arabera, 07:00etan (06:00 GMT) gazteak hegazkinera joateko kontrol postua saltatu eta hegazkinaren eskailerara iristea lortu du. hala ere, bertako laguntzaileek hegaldiko baimena ez zuela esan eta sartzea eragotzi diote. Hegazkina gainera, Barira zihoan eta gazteak ordea, Bartzelonara joan nahi zuen.
Gizonezkoa "oso urduri eta jarrera bortitzarekin" zegoela azaldu dute, hori dela eta, poliziak bertatik jaitsi eta anbulantzia batera eraman du. Medikuek "lasaigarri" bat eman diote baina gazteak segituan konortea galdu eta hil egin da.
Iturri diplomatikoek esan dutenez, litekeena da bihotzekoak jota hil izana eta autopsia egingo diote heriotzaren nondik norakoak argitzeko.