Gizartea -
Athletic-Erroma
Bilbo, blindatuta, Erromako ultrak iristen direnerako
Erromatik 400 ultra inguru iritsiko dira arratsaldeko partidarako. Ertzaintza ere Frente Atleticoko erradikalen zain dago, Italiako hiriburuko taldearen jarraitzaileekin senidetuta baitaude.
EITB Media
Athleticek, Bilboko Udalak, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak segurtasun dispositibo berezia antolatu dute, Athleticek eta Erromak arratsaldean jokatuko duten partida dela eta. Europa Ligako final-zortzirenetako itzulerako norgehiagoka 18:45ean hasiko da, San Mamesen.
Italiako Poliziak ohartarazi duenez, Erromako 400 'tifosi' inguru helduko dira Bizkaiko hiriburura, baina EITBk jakin duenez, Frente Atleticoko hainbat ultra ere etortzea aurreikusten du Ertzaintzak. Guztira, Erromako 2.000 zale dira Bilbora joatekoak.
Bilboko Udak jakinarazi duenez, partida protokolo eta segurtasun neurri batzuk probatzeko balioko du, maiatzaren 21ean San Mamesen bertan jokatuko den finalera begira. Kaleak ixteko eta hesiak jartzeko dispositiboak aurreratzeko protokoloak izango dira, batez ere.
Hori dela eta, finalaren egunean instalatuko den perimetroko hesiko zati bat jarri da zelaiaren inguruan, egiturak berak eta horren bidezko sarbide kontrolek zelan funtzionatzen duten egiaztatzeko.
Gainera, egun osoan, Ertzaintza eta Bilboko Udaltzaingoa hirian zehar ibiliko dira, zaleen artean bakea bermatzeko eta lanegun bateko ohiko jarduerak partidaren aurreko giroarekin bateragarri egin ahal izateko.
Segurtasun dispositiboak batez ere San Mames inguruan izango du eragina.
Zirkulazio-etenak
15:00etatik aurrera zirkulazioa etengo dute, Felipe Serrate eta Luis Briñas kaleetan. Halaber, 15:45etik aurrera, hainbat gune itxiko dituzte Kale Nagusian, Sabino Arana etorbidean, Euskalduna zubian eta Jesusen Bihotzean.
Tranbia zerbitzuan ere eragina izango du, eta 16:00etatik 17:00etara Euskalduna Jauregiraino soilik iritsiko da.
Futbol partidara joateko garraio publikoa erabiltzea eta behar besteko aurrerapenarekin sartzea gomendatzen dute agintariek.
Terrazak kentzea aholkatu dute
Europako horrelako ekitaldietan ohikoa den prozedurari jarraituz, topagune batera deituko diete bisitariei, Ertzaintzako agenteek lagunduta San Mamesera elkarrekin joan daitezen. Erromaren zaleentzako topagunea Iparragirre kalean egongo da, eta 15:45 aldera zelaira abiatuko direla uste da.
Martxa hori dela eta, Luis Briñas kaleko tabernei gomendatu diete 15:00etatik 17:30era bitartean terrazetako elementu mugikorrak kentzea, eta gomendio bera zabaldu dute Erromaren zaleen topagunearen ingurura.