Gizartea -
Gaueko istiluak
Atezain bat atxilotu dute Gasteizen, hainbat gazte jipoitzea egotzita
Ustezko erasotzailea atxilotu egin du Ertzaintzak, eta horren bi lankide inputatu ditu.
Erredakzioa
Gasteizko diskoteka bateko atezaina atxilotu zuen Ertzaintzak igande goizaldean, ustez, hainbat lagun jipoitzea egotzita. Halaber, atezainaren beste bi lankide inputatu ditu Ertzaintzak.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, gertaera igandeko 06:15ean jazo zen. Abisu bat jaso zuten diskoteka batean borroka zegoela esanez.
Osasun zerbitzuetako langileak gizon bat artatzen ari zirela ikusi zuten ertzainek, erasoaren tokira bertaratutakoan.
Zaurituak ertzainei kontaturikoaren arabera, eztabaida bat izan zuen bere lagun taldeak beste batzuekin, eta eztabaidaren ondoren, diskotekatik kalera bota zituzten. Kanpora irtendakoan, diskotekako hiru atezainek jipoitu egin zuten.
Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen gertaturikoa argitzeko. Ondorioz, 22 urteko atezain bat atxilotu zuten lesioak eragitea egotzita. Bestalde, Ertzaintzak 29 eta 31 urteko beste bi atezain ere inputatu zituen.