Gizartea -
Erresuma Batuan
Hiru umek kokaina jaso zuten, goxokien ordez, Halloween egunean
Dirudienez, Donald Junior Green izeneko 23 urteko gazte batek erosi berri zuen droga umeei emateko prestatuta zeukan Haribo goxoki poltsarekin nahastu zuen.
Erredakzioa
Erresuma Batuko Royton hiriko ume talde batek kokainaz betetako poltsatxoak jaso zituen Halloween egunean, gazte baten etxera eskean joan ostean, , The Guardianek informatu duenez.
Egunean zehar goxokiak eskatzen ibili ondoren, 8, 6 eta 5 urteko umeen aitak hauts zuriz beteta zeuden zortzi poltsatxo aurkitu zien, eta aztertu ostean kokaina zela baieztatu zuten.
Dirudienez, Donald Junior Green izeneko 23 urteko gazte batek 200 libragatik erosi berri zuen droga umeei emateko prestatuta zeukan Haribo goxoki poltsarekin nahastu zuen.
Gaztearen arabera, goxokiz beteta zegoen poltsa ematea zen bere nahia, baina etxe barrura bueltatzean, eman berri zuena egun berean erositako droga zela konturatu zen.
Hori dela eta, beti bere bertsioaren arabera, umeen bila abiatu zen, lehenengo oinez eta gero bere autoan.
Umeak, etxera
Adingabekoen gurasoaren arabera, Greenen etxea arratsaldeko azken orduan bisitatu zuten. “Gaztea bere neskalagunarekin zegoen, eta droga umeek zeramatzen poltsetan sartu zuen. Horren ostean eskerrak eman genizkien eta gure etxera abiatu ginen”, nabarmendu du gurasoak.
Heltzerakoan, logelara sartu ziren egunean zehar lortutakoa ezagutzeko asmoz. Aitak, drogaz betetako poltsatxoak ikusterakoan, ea non lortu zituzten galdetu zien, eta horiek azken etxean jaso zituztela erantzun zioten.
Soilik droga-jabetza delitua onartu duen gazteak astelehen honetan hasiko den epaiketa bati egin beharko dio aurre.