Gizartea -

EGURALDIA

Negu itxurako negua urtaro hotzenaren azken asteburuan

Elurrak zuritu ditu Euskal Herriko hainbat mendi eta bazter, eta Neguko Bidezaintza Plana abiatu dute Euskalmetek elurra eta izotza aurreikusi baititu 500 metrotik gora. Arreta eskatzen da Arabako mendateetan, baina denak daude irekita.

Elurra Urkiolan. Argazkia: EITB
Elurra Urkiolan. Argazkia: EITB
Elurra bisitan etorri zaigu neguko azken asteburuan

0:43

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Negua epel joan da aurtengoan, baina azken asteburuan sikiera hartu du garaiari dagokion itxura. Askoren gozamenerako, elurrak Euskal Herriko hamaika mendi eta txoko zuritu ditu, eta hotzak atzera berokiak eta lepokoak armairutik ateratzera behartu ditu herritarrak. 

Ez alferrik, Euskalmetek abisu horia ezarri baitu larunbat honetarako tenperatura baxuengatik eta elurragatik. Hala ere, gauean eta goizean elurra bota badu ere, datozen orduetarako ez da gehiago zuritzerik espero. Botatzen duen tokietan ere ezer gutxi pilatuko da; 600 metrora 0-1 zentimetro artean baino ez da pilatuko, eta 2-8 zentimetro inguru 1.000 metrotik gora.  

Iparraldeko aire hotzak lainoak ekarri ditu itsaso aldetik, eta tarteka mardulak izan diren zaparradak bota ditu egunean zehar, kostaldetik gertu batez ere, eta horri eta haize hotzari esker elurra ikusi dute, esaterako, Igeldon bertan, itsaso ondo-ondoan. 

Larunbat arratsaldean eta gau partean euria egin dezake oraindik, isurialde atlantikoan batez ere. Zaparrada mardulak bota ditzake, eta ekaitz giroa ere sortuko da puntu batzuetan.

Egunaren erdiko orduetan elur-kotak gora egin badu ere, gauean behera egingo du berriro, eta elurra bota dezake lurraldearen isurialde atlantikoan eta mendebaldean bereziki. Hego-ekialdean, giroa argiagoa izango da oro har. 

Elurrak errepideetan eragin zitzakeen zailtasunei aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak Neguko Bidezaintza Plana jarri du martxan, baina oraingoz ez da aparteko gorabeherarik izan errepideetan, eta mendate guztiak irekita daude. Hala ere, tarteka mendateren batean elurra botako du oraindik; beraz, tentuz gidatzeko eskatu du Trafiko Zuzendaritzak. 

Nafarroan ere, normaltasuna da nagusi errepide sare ia osoan, eta elurraren ondorioz itxita dauden bakarrak Otsagabitik Iratira doan errepidea eta Zaraitzutik iparraldera doana dira.

Errepideak zuritu ditu elurrak Pagozelai inguruan
Errepideak zuritu ditu elurrak Pagozelai inguruan
Errepideak zuritu ditu elurrak Pagozelai inguruan

0:39

Igandean, goizean, oraindik iparretik sartuko da haizea, eta euria utziko du han-hemenka; tarteka, zaparrada mardulak izango dira.

Arratsaldetik aurrera, aldatu egingo da haizearen norabidea, ezegonkortasuna etorriko da penintsulatik, eta lainoak eta euria ekarriko ditu, baita ekaitz giroa ere. 

Elur mailak gora egingo du, baina 800 metro ingurutik gora zuritu dezake oraindik ere. 

Tenperaturei dagokienez, gaur-biharretan hotz egiten jarraituko du, termometroak ez baitira 10 ºC-tik pasatuko. Adituen arabera, baina, astelehenetik aurrera nabarmen egingo dute gora termometroek, udaberriari ongietorria emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Albisteak Nafarroa EAE albisteak Eguraldia Donostia Gizartea bideoak Elurra bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa