Gizartea -
Txertoen egutegia
Jaioberriei pneumokokoaren kontrako txertoa jarriko die Osakidetzak
2013ko martxotik aurrera hasiko da txertoa doan jartzen. Gurasoek 300 euro aurreztuko dituzte.
Erredakzioa
2013ko martxotik aurrera, jaioberriei pneumokokoaren kontrako txertoa jarriko die Osakidetzak, doan. Hala, 300 euro aurreztu ahal izango dituzte gurasoek.
Jesus Maria Fernandez jarduneko Osasun sailburuordeak azaldu duenez, Euskadin egun dauden pneumokoko anduietatik % 70i egiten die aurre txerto honek, eta txertorik hartu ez dutenengan pneumokokoak izan dezakeen eragina % 30 jaisten du.
Zehazki, 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera jaioko diren haurrek jasoko dute txertoa doan, hiru dositan. Lehen dosia jaio eta bi hilabetera hartuko dute; bigarrena lau hilabete betetzean; eta hirugarrena, jaio eta urtebetera.
Dagoeneko txertoa hartzen hasi baina datorren urtean dosiak jasotzen jarraitu behar dutenen kasuetan, gurasoek ordaindu beharko dituzte.
Tuberkulosia eta B hepatitisa
Euskadiko txertoen egutegi berrian kanpoan utzi dituzte tuberkulosiaren kontrako txertoa (jaioberrientzakoa) eta B hepatitisaren kontrakoa (13 urte betetzen dutenentzakoa).
Osakidetzako arduradunek azaldu dutenez, tuberkulosiak egun Euskadin duen eragin txikiak bultzatu du erabakia (18 kasu 100.000 biztanleko). Edonola ere, arrisku taldeek txertoa jasotzen jarraituko dute.
B hepatitisari aurre egiteko txertoari dagokionez, egun 13 urte beteko dutenek dagoneko txertoa hartuta dutelako erabaki dute 2013an egutegitik kanpo uztea.