Gizartea -

EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA

Bi gizonek emazteak hil dituzte, Burgosen eta Mallorcan

Mallorcan 79 urteko emakume bat hil du senarrak, tiroz. Burgosen, berriz, joan den igandetik desagertuta zegoen 34 urteko emakumearen gorpua aurkitu dute, senarrak hilketa aitortu ondoren.

Burgosen senarrak hil duen Andrea Bejarano oroitzeko elkarretaratzea. Argazkia: Europa Press.
Burgosen senarrak hil duen Andrea Bejarano oroitzeko elkarretaratzea. Argazkia: Europa Press.
Burgosen senarrak hil duen Andrea Bejarano oroitzeko elkarretaratzea. Argazkia: Europa Press.

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi gizonek aitortu dute emazteak hil dituztela, asteazken honetan, Burgosen eta Mallorcan. Alde batetik, Burgosen joan den igandetik desagertuta zegoen 34 urteko emakumearen hilotza aurkitu dute, bikotekideak goizaldean hil zuela aitortu eta hilotza non zegoen esan ondoren.

Bestetik, Palman 82 urteko gizon batek 79 urteko emaztea hil du su-arma batekin, eta, ondoren, bere buruaz beste egiten saiatu da. Guardia Zibila gertakaria krimen matxista den edo senar-emazteen arteko suizidio itun baten emaitza izan den argitzen saiatzen ari da.

Burgos

Polizia Nazionaleko agenteek 34 urteko Andrea Bejaranoren gorpua aurkitu dute Salinillasen, Bureba eskualdean (Burgos). Pedro de la Fuente Espainiako Gobernuak Burgosen duen ordezkariordeak jakinarazi duenez, senarrak hilketa aitortu du goizaldean eta gorpua ezkutatu zuen lekura eraman ditu agenteak.

De la Fuenteren hitzetan, Burgosetik 40 kilometrora, Salinillas de Burebatik igarotzen den ibaiaren ingurura, eraman zuen gorpua senarrak eta "oso ongi ezkutatu" zuela azaldu du.

Biktimaren familiak ez zuen haren berririk joan den igandetik, baina ez zuten salaketarik jarri asteartera arte. Hasiera-hasieratik, bikotekidea izan da ikerketaren ardatza, Armadan, Castrillo del Valeko basean, lan egiten zuen 42 urteko gizona. 7 urteko semea zuten.

Atxilotua Burgoseko Polizia Nazionalaren komisarian dago, epailearen aurrera eramateko zain. Ez du aurrekari penalik eta hilketa-delitu baten ustezko egile gisa ikertzen ari dira. Polizia-erregistroetan ez zuen genero-indarkeriako aurrekaririk.

Biktimak laborategiko teknikari gisa lan egiten zuen, Burgosko Unibertsitate Ospitalean. Lankideek elkarretaratzea egin dute haren oroimenez.

Mallorca

Puigpunyeten (Mallorca), aldiz, 82 urteko gizon batek su-arma batekin hil du 79 urteko emaztea. Ondoren, bere buruari tiro egin dio, sabelean, eta larri zauritu da.

Guardia Zibila goizeko lehen orduan izan den gertakaria ikertzen ari da; hilketa matxista edo huts egindako suizidio-itun baten emaitza izan ote den argitu nahi dute. Ikerketako iturrien arabera, bi hipotesiak zabalik daude.

Gizona ospitalera eraman dute, eta bertako iturriek jakinarazi dute egonkor dagoela.

Puigpunyenteko Udala ikertzaileen esanetara jarri da gertaera tragikoaren nondik norakoak argitzeko, eta doluminak eman dizkie hildako emakumearen senideei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Burgos Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Balearrak