Gizartea -
Epaiketa
Akusazioaren arabera, monitorearentzat surf eskola aitzakia bat zen bere desio sexualak haurrekin asetzeko
"Ez zeukan aukera hori ematen zion beste testuinguru posiblerik", azpimarratu du biktimen abokatuak azken txostena auzitegian aurkeztu duenean. Joan den astetik Gipuzkoako Auzitegiko Hirugarren Sekzioan egin duten epaiketaren hamargarren eta azken saioa izan da gaurkoa.
Agentziak | EITB Media
Hondarribiko surf monitorearen hamaika biktimetatik hamar ordezkatzen dituen akusazio partikularrak ostiral honetan ziurtatu duenez, akusatuaren eskola "aitzakia bat zen adingabeekin egoteko eta haiekin bere sexu-nahiak asetzeko".
"Ez zeukan aukera hori ematen zion beste testuinguru posiblerik", azpimarratu du biktimen abokatuak azken txostena auzitegian aurkeztu duenean. Joan den astetik Gipuzkoako Auzitegiko Hirugarren Sekzioan egin duten epaiketaren hamargarren eta azken saioa izan da gaurkoa.
"Ondo zekien zer mekanismo garatu behar zuen: segurtasun-testuinguru bat, bai bere ekintza makabroak egiteko, bai adingabeen borondatea makurrarazteko, haiek irtenbiderik gabe utzi arte", esan du abokatuak, eta kritikatu egin ditu akusatuaren "sexu-harrapariaren jokabidea" eta adingabeekiko ekintza "arbuiagarri" eta "makabroak", "erabateko zigorgabetasuna bilatuz".
Bere jokabidea "estaltzeko testuingurua sortu zuen, surf eskola bat, gurasoen konfiantza bereganatu zuen, eta adingabeak beraren nahien mende egotea bermatu zuen, guzti-guztiak erabat manipulatuz", esan du abokatuak. Argudiatu duenez, adingabeak "oso modu kontzientean sortu zuen lantegi horretarako produktuak" baino ez zirela, "bere desio sexualak asetzeko".
Indarkeria psikologikoa
Gainera, akusatuak "ezin hobeto zekien sexu-helburuak lortzeko eraso fisikoa ez zela tresna egokia", eta horregatik egin zuen "indarkeria psikologikoa" erabiltzearen hautua.
Biktimak honela deskribatu ditu: "ume onak, inozoak, gaiztakeriarik gabeak, izuak, lotsatuak, beldurtuak eta harritzen errazak", pertsona "fidakorrak, errugabeak eta euren surf monitoreak inoiz ezer txarrik ezingo ziela egin erabat sinetsita zeudenak", haientzat "senide baten parekoa" baitzen, "minik eragingo ez zien erreferentea".
"Ez zuten espero, ez zuten imajinatzen, ezta aurreikusten ere, haurrak zirelako", azpimarratu du. Gogorarazi du surf eskolan 18 urtetik gorako ikaslerik ez zegoela, edozein heldu ohartuko baitzen "han gertatzen ari zenaz".
Halaber, biktimen abokatuaren ustez, auzipetuaren ordenagailuan aurkitutako haur-pornografiako 4.200 artxibo baino gehiago auzipetuaren jabetzakoak ziren, hark kontrakoa esan arren.
Mendekua eta eskarmentua
Bestalde, defentsako abokatuak bezeroaren errugabetasunari eta akusatuak epaiketan zehar azaldutako bertsioari eutsi die bere txostenean. Horren arabera, biktimek begiralea salatu badute, hori da haren kontra "mendeku hartu" nahi dutelako eta "eskarmentua eman", ikasleetako baten familiari buruz beste adingabe batzuen aurrean "gaizki hitz egin" zuelako.
Defentsak adierazi du, halaber, ez dagoela "egiaztatutako frogarik" adingabeek salatutako sexu-abusuen inguruan, eta gaineratu duenez, "ez da sinesgarria", egoera horiek gertatu izan balira, biktimek hura gelditu ez izana eta erruztatuak antolatzen zituen surf klaseetara eta kanpamentuetara joaten jarraitzea, horietara joan beharrik ez zuten arren.
Abokatu horren esanetan, bere bezeroa pertsona "maitekorra eta sentikorra" da, ikasleekin adiskidetasun harremana zuena, "berari buruz eman nahi den iruditik urrun".
Hala ere, onartu du auzipetuak bi sexu-harreman izan zituela ikasleetako batekin, baina azpimarratu du 16 urte baino gehiago zituenean izan zela, eta haren baimenarekin.
Txostenaren amaieran, defentsak bezeroa behin-behinean aske uzteko eskatu du. Akusatuak uko egin dio azken hitza esateko eskubidea erabiltzeari. Akusazioak behin-behinean aske uztearen aurka agertu dira. Epaiketa epaiaren zain geratu da.