Gizartea -
Saretzen
EAEko eguneroko mugikortasunaren erradiografia: nola, zertarako eta norantz mugitzen garen
6,5 milioi joan-etorri baino gehiago egiten dira egunero Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Fenomeno horrek hiri-bizitzaren intentsitatea islatzeaz gain, gizarte-, ekonomia-, ingurumen- eta genero-dinamikak jartzen ditu agerian.
I. R. | EITB MEDIA
Edozein lanegun buruzuritan, bizi-bizi topa ditzakegu Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako kale, errepide eta garraio publikoak; izan ere, 6,5 milioi joan-etorri baino gehiago egiten dira egunero lurralde horietako lehenengoan. Fenomeno horrek hiri-bizitzaren intentsitatea islatzeaz gain, gizarte-, ekonomia-, ingurumen- eta genero-dinamikak jartzen ditu agerian.
Eusko Jaurlaritzak 2021eko datuekin egindako mugikortasunari buruzko azken azterlanaren arabera, Bizkaian biltzen dira EAEko eguneroko joan-etorrien erdiak. Bilbo Handian bakarrik egin ziren 2,9 milioi desplazamendu inguru, hau da, lurraldeko mugikortasunaren % 80, eta metropoli-desplazamenduen % 42ren epizentroa Bilbo izan zen. Kontuan izan behar da, halaber, urte hartan izandako pandemiak mugikortasuna mugatu zuela, eta, beraz, 2016ko datuekin alderatuta mugikortasunean beherakada egon den arren (6,7 milioi joan-etorri), eguneroko joan-etorri kopuruek gora egitea da joera urterik urtera.
Gipuzkoan, Donostialdean —Donostia muin dela— egiten da lurraldeko joan-etorrien % 53, eta Araban, Gasteizen metatzen da Arabako Lautadakoen % 96 eta Arabakoen % 82.
Oinez, autoz edo autobusez... Nork eta zertarako?
Egunero-egunero, joan-etorrien ia erdiak (% 45) oinez egiten ditugu, eta kopuru hori % 72ra igotzen da 65 urtetik gorakoei erreparatuta. Generoaren ikuspegitik, emakumeak gehiago mugitzen dira oinez (% 51, eta gizonak, % 39), eta gehiago erabiltzen dute garraio publikoa (% 16 eta % 11, hurrenez hurren). Aldiz, gizonek gehiago jotzen dute auto pribatua erabiltzera (% 46 eta % 30, hurrenez hurren).
Adinaren arabera ere aldeak argiak dira. 7-19 urtekoen artean, mugikortasuna oso lotuta dago hezkuntza-esparruarekin, eta oinez egiten dituzte joan-etorri gehienak (% 49). Aldiz, 20 eta 64 urte bitartean —biztanleria aktiboa—, joan-etorriak lana dela eta egiten dira gehienbat, eta ibilgailu pribatua da garraiobide erabiliena. Azkenik, 65 urtetik aurrera, mugikortasun-ereduak izugarri aldatzen dira: lana ez da joan-etorrien eragile nagusia, eta aisia eta bestelako jarduerek — eguneroko kudeaketak, berbarako— dira protagonista. Gehienak oinez egiten dira (% 72).
Gainera, 10 bidaiatik ia 7 udalerrian bertan egiten dira, baina joera hori ere lurraldearen araberakoa da: nabarmenagoa da Araban (% 84,4), Bizkaian ( % 65,8) eta Gipuzkoan (% 62,2) baino.
Hiriburuak eta lurraldeen arteko harremanak
Edozein lanegunetan egiten den hamar bidaiatik lauk Bilbo, Donostia edo Gasteiz dute helmuga. Guztira, egunero 42.000 joan-etorri egiten dira hiriburutik hiriburura, batez ere Bilbo eta Donostia artean (21.166 bidaia, egunero), ondoren Bilbo-Gasteiz (15.622) eta Donostia-Gasteiz ibilbidea egiten da gutxien (5.236).