Gizartea -

Saretzen

Hego Euskal Herria, beribilean ibilian: 8 auto 10 helduko, eta martxarik hartu ez duen trantsizio berdea

Mugikortasun iraunkorrak pixkanaka aurrera egiten duen arren, diesel autoak eta ibilgailu zaharrak dira oraindik ere protagonista gure hiri eta errepideetan. Gehienek ez dute ingurumen-etiketarik.

Irudia: EITB MEDIA
Irudia: EITB MEDIA
Irudia: EITB MEDIA

I. R. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego Euskal Herrian, pertsona heldu adina ibilgailu daude ia; 16 urtetik gorako 10 biztanleko, 8 ibilgailu daude erregistratuta: kopuru horrek erakusten du zenbateraino gauden garraio pribatuaren mende leku batetik bestera mugitzeko. Turismo eta motozikletak zein furgoneta eta kamioiak, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako parke mugikorrak ibilgailu pribatuaren aldeko apustu garbia egiten du; bai egunerokorako, bai jarduera ekonomikorako.

Eta mugikortasun iraunkorrak pixkanaka aurrera egiten duen arren, diesel autoak eta ibilgailu zaharrak dira oraindik ere protagonista gure hiri eta errepideetan. Gehienek ez dute ingurumen-etiketarik; beraz, eredu garbiago baterako trantsizioa errekuntza-motorrari katigatuta abiatuko da.

Autoa, errepideetako erregea

Beribilek edo turismoek garraio pribatuaren zutabe izaten jarraitzen dute Hego Euskal Herrian. 2023an, 1,36 milioi auto baino gehiago zeuden erregistratuta gure herrietan, hau da, 10 ibilgailutik ia 7 (% 69,45). Atzetik daude motozikletak (% 10,2), furgonetak (% 6,8), kamioiak ( % 6) eta ziklomotorrak ( % 2,8).

Zenbaki absolutuetan, Bizkaia da Hego Euskal Herrian ibilgailuen erabileran buru: 526.000 auto baino gehiago, 43.800 furgoneta eta 41.600 kamioi, besteak beste. Han, autoak guztizkoaren % 72,4 dira, Arabakoa ( % 71,4) eta Nafarroakoa (% 67,6) baino proportzio handiagoa. Gipuzkoan, aldiz, turismoek pisu txikiagoa dute (% 66,2), eta motozikletek dute presentzia handiagoa, guztizkoaren % 13,8.

Zaharrak, dieselak eta etiketarik gabekoak: horrelakoa dira Hego Euskal Herrian nagusi den ibilgailu-eredua

Bizkaia da ingurumen-bereizgarridun ibilgailu gehien dituen lurraldea ere, baina horrek ez du esan nahi flota modernoa edo eraginkorra duenik. Heren batek baino gehiagok (% 36,6) C etiketa dute — gasolinazko edo dieselezko auto berrienen artean ohikoena —; % 30,6k, berriz, B etiketa dute. Baina % 28,6k ez dute inolako bereizgarririk.

Antzekoa da Arabako egoera (% 30,4 bereizgarririk gabe) eta Gipuzkoakoa (parkearen % 39,6k C etiketa du, lau lurraldeetako daturik altuena). Nafarroan, egoera are kezkagarriagoa da: ibilgailuen % 32,3k ez dute etiketarik, lau lurraldeetako ehunekorik altuena.

Parke mugikorraren adinari dagokionez, ibilgailuen batazbestekoa 14,5 urtekoa da EAEn, eta 15,2 urtekoa Nafarroan.

Diesela nagusi da oraindik

Aldaketa teknologikoak gorabehera, eta ibilgailu elektrikoek apurka-apurka gora egin duten arren, dieselak agintzen jarraitzen du. Hego Euskal Herrian, ibilgailuen erdiek erregai mota horrekin funtzionatzen dute, eta Nafarroa da liderra: parkearen % 57,9 diesela da, ondoren Bizkaia ( % 52,7), Araba ( % 52,5) eta Gipuzkoa ( % 50,8).

Parkearen gainerakoa gasolinazko ibilgailuen artean banatzen da batez ere, lurraldearen arabera (% 41-48).

Datuok ikusita, ez da harritzekoa gasolindegi kopuruak gure errepideetan ugaritzea: EAEn % 31,4 hazi zen 2014tik 2024ra.

Elektrifikazioa aurrera doa, baina oso motel...

Oraingoz, ibilgailu elektrikoak edo hibridoak parkearen oso zati txikia hartzen dute: lurralde bakar batean ere ez dute % 0,7 gainditzen. Gas naturalarekin edo PGLekin funtzionatzen dutenak are gutxiago dira, betiere % 0,4tik behera.

Hori bai, aldaketa zantzuak daude azken urtean, matrikulatutako auto berrien ia % 60 elektrifikatutakoak izan ziren (hibridoak edo % 100 elektrikoak).

Hala ere, oraindik ere bada aurre egin beharreko erronkarik. Parkearen zati handi batek antzinako edo eraginkortasun aitorturik gabeko diesel ibilgailuz osatuta jarraitzen du, eta hori oztopo nabarmena izango da gure errepide eta hirietan garraio pribatua deskarbonizatzeko.

Esaterako, EAEko hiriburuetan emisio gutxiko eremuak legez ezarri berri direla kontuan hartuta, Donostian, gaur egun, lurraldeko ibilgailuen % 27 eta Donostiakoen % 26 ezin dira erdigunera sartu. Hiru urte barru (2028), egoerak bere horretan jarraituko balu, bigarren fasea indarrean sartuko denean, ibilgailuen erdiak baino gehiago (% 57) ezingo lirateke sartu. Eta egoera antzekoa da hiriburu eta udalerri handi guztietan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak