Gizartea -

POLIZIA OPERAZIOA

13 lagun atxilotu dituzte eta zazpi ikerketapean daude droga trafikoaren aurkako operazio batean, Bizkaian

26 kilo kokaina, 27 kilo anfetamina, 140 bat kilo anfetamina egiteko 35 litro olio, 29 kilo MDMA, 23 kilo haxix, 6 kilo marihuana eta 250 gramo kokaina arrosa atzeman dituzte.

Atzemandako droga. Argazkia: Ertzaintza
Atzemandako droga. Argazkia: Ertzaintza
Ertzaintzak 100 droga kilo baino gehiago konfiskatu ditu Bizkaian egindako operazioan

2:00

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak Bizkaian droga trafikoan aritzen zen talde kriminal bat desegiteko operatibo bat gauzatu du azken gunetan, eta, guztira, 13 pertsona atxilotu ditu lurraldeko hainbat herritan eta zazpi ikertzen ari da delitu berberengatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Operazioaren baitan, ertzainak hainbat etxe eta pabiloitan sartu dira eta miaketak egin dituzte, eta 100 kilo droga, eskudirua eta ibilgailuak konfiskatu, substantzia estupefazienteak prestatzeko, banatzeko eta saltzeko beharrezkoak diren hainbat elementurekin batera. Atxilotutako sei lagun espetxeratu egin dituzte jada.

Sestaoko ertzain-etxeko Droga Taldeak ikerketa bat hasi zuen 2024ko irailean Bilboko homologoaren laguntzarekin, Ezkerraldean finkatuta zegoen talde bat substantzia estupefazienteekin trafikatzen ari zela jakin ondoren.

Lehenik, gizon bat eta emakume bat identifikatu zituzten talde kriminalaren buru gisa. Biek droga saltzen eta banatzen zuten, eta trafikatzaile txikiei ematen zieten. Sortu zuten egituran hainbat pertsona zituzten, substantziak gorde eta banatzeko.

Ikerketen ondoren, talde kriminalari droga hornitzen ziotenak eta droga ezkutatzen zuten lekua aurkitu zituzten, eta drogaz hornitzeko bidaietako batean harrapatu zituzten. Horrela, martxoaren 18an, Bilboko garaje batera sartzera zihoazenean, elkarrekin zihoazen bi autotako gidariak atxilotu zituzten.

Autoetako batek droga zeraman horretarako prestatutako ezkutaleku batean, eta bestea lantzadera bat zen. Ibilgailuak miatu, eta 20 kilo kokaina aurkitu zituzten, eta aipatutako taldearekin jarduten zuen hirugarren gizon bat ere atxilotu zuten.

Martxoaren 20an, Ortuellako, Trapagarango, Barakaldoko eta Bilboko hainbat etxe eta industria pabiloitan sartu eta miaketa egin zuten, eta talde kriminalaren kideak ziren zortzi pertsona atxilotu zituzten, horien artean buru gisa jarduten zuten gizona eta emakumea, eta eginbideak hasi zituzten beste pertsona bat ikertzeko.

Ertzaintzako Txakur Unitateak, Zaintza eta Erreskate Unitateko Droneen Atalak eta Esku Hartze Unitateak ere parte hartu zuten sarrera eta miaketetan, eta 26 kilo kokaina, 27 kilo anfetamina, 140 bat kilo anfetamina egiteko 35 litro olio, 29 kilo MDMA, 23 kilo haxix, 6 kilo marihuana, 250 gramo kokaina arrosa edo 'tusi', 37.500 euro eskudirutan, dirua zenbatzeko makinak, hutsean ontziratzeko makinak, baskulak, material teknologikoa, gama altuko erlojuak eta pistola simulatu bat konfiskatu zituzten.

Horrekin guztiarekin batera, 11 ibilgailu ere atzeman zituzten; horietako batzuek ezkutalekuak edo 'kaletak' zituzten, garraiatzen zuten droga ezkutatzeko.

Guztira, 23 eta 50 urtera bitarteko 13 pertsona (11 gizon eta 2 emakume), atxilotu dituzte, eta zazpi lagun ikertzen ari dira. Atxilotu guztiak ikerketan eskumena duen Barakaldoko Instrukzio Epaitegi baten eskuetan jarri dituzte, eta horietako sei espetxeratzeko agindua eman du jada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Drogak albisteak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Albisteak